Mikel Aramendi Kazetaria
Zaharkinez betetako berritzailea?
Txarra zen, benetan. Topikoz eta, batez ere, ia batere mozorrotu gabeko sasiarrazoi propagandistikoz bete-betea. Presaka, Obamaren mundu-biraren harrabotsari aurre egiteko zirriborratutako lerro mordoilo bat, Bushen oinordekoen ideia nahasmena nabarmentzeko baino balio ez zuena. Beraz, nahiko zuzen zebilen «New York Times» egunkariko iritzi arduraduna McCain lehendakarigaiaren iritzi artikulua argitaratu gabe paperontzitara bota zuenean. Hala ere, ikusi egin behar zer gertatuko litzatekeen «NYT» ustetsuan irizpide berbera egunero eta zorroztasunez erabiliko balitz.
Baina... askoz hobea izan ote da Obamak Tiergartenen, Siegessaulearen oinetik jaulkitako 5.000 hitzeko sermoia? Utz dezagun alde batera bere esku ez zegoen testuinguruaren sinbolismo ozpindua (Brandenburgoko ate enblematikoan hitz egin nahi zuen Obamak, Kennedyk eta Reaganek bezala, europarrei hitz egiteko pulpitua huraxe dela baiteritzote estatubatuarrek; musika jaialdi handien eszenategira bidali du Merkelek... Animalien Lorategira): zer iragartzen du lehendakarigai demokrataren hitzaldi landu eta taxuz deklamatuak Europarako, mundurako, etorkizunerako? Bada ezer berririk ez. Eszenategi bertsutik pasa diren bakarlari eta talde ospetsu gehienek bezalaxe, betiko «abestiak» jaulkitzen ditu Obamak, arreta susperrarazi nahi duten efektu zalapartatsuekin «berrituta». Baina, funtsean, zahar usaina dario hitzaldiari. Astungarri batekin: historiaren ikaskizunen gailurretik aritu nahi lukeen hitzaldian, pasadizo bakar batera murrizten du Berlin, Alemania edota Europaren historia: blokeoa eta Harresiaren pasartera. Hura desagertu zenetik badirela 18 urte gogoratu gabe. Edota, okerragoa litzatekeena, pasarte hura bai, baina aurreragokorik (aliatuek Berlin suntsitu zutenekoa demagun, Siegessaulea bera eraiki zeneko garaietara joan gabe) ez dela gogoan izango sinetsita. Oroimenak ez du horrela funtzionatzen, ordea, ez Berlinen eta ez Beijingen.
Show business politikoaren ikuspegitik, arrakasta ikusgarria lortu bide du Obamak mundu-bira honetan eta, seguruenik, McCain ilunari behin betirako aurrea hartzeko erabakigarria izango zen joan den astea. Nazioarteko arazoen goi kudeaketan nolabaiteko aldakuntza espero genezakeenoi, ordea, etsigarria egin zaigula esango nuke: ez dator ezer berririk. Betiko errezeta-trikimailu zaharrak, makillaje pittin batekin.