Ixabel Etxeberria Irakaslea
Xendrak bilatuko
Frantses Eskolaren liburuetan ikasi dugu Karlomagnoren armadak zibilizazioa ekarri nahi ziela Pirinioetako herriei eta horiek, basati horiek, bortizkeriarekin erantzun zutela. Zerbait aldatu al da? Oraindik, egunero euskaldun basati horien berri ematen digute, xehetasun askorekin, gaineraBaionan «Orreaga» eman dute Hor Konpon elkartearen urtemugaren karietara. Berzaitzek bertan kontatzen zuen Karlomagnoren armadari Pirinioetan gertatutakoa. Frantses Eskolaren liburuetan ikasi dugu, eta horrela jarraitzen da gaur ere, Karlomagnoren armadak zibilizazioa ekarri nahi zuela Pirinioetako herrietara eta horiek, basati horiek, bortizkeriarekin erantzun zutela. Zerbait aldatu al da? Oraindik, egunero euskaldun basati horien berri ematen digute, xehetasun askorekin gainera, hain bortitzak diren eta gaur egungo Karlomagnoren armadakoak hain zintzoak, ezin dela ulertu mendez mende gertakariak nola errepika daitezkeen! Zibilizazioa ekarri nahi zuten, dute, frantses Konstituzioak erran nahi digu frantsesa dela hoberena guretzat, jakobinismoa ona dela. Ekuadorren beste bi hizkuntza ofizial egin badituzte zibilizaziora iritsi ez direlako izanen da!
Pragmatismoz eta erabaki guneen errepikagailu, tokiko prentsak, «SO» famatuak, indarrak egiten ditu turismoaz bizitzea zein ona den frogatzeko. Arlo ekonomiko horren laudatzeko telebistako aurkezle famatua hartu du asteburu honetan ipar euskal herritarrok uler dezagun irekitze onuragarria dela turismoa, euskal dantza polita dela baina beste kulturak begiratu behar ditugula. Hemen, ez ditugu ulertu nahi hain zintzoki eman nahi dizkiguten ikasgaiak! Zabaltasunez garatzen baita turismoa! Ahanzten dute erratea duela hamarkada batzuk erabaki zutela Pariseko pasabideetan Akitania eta bereziki Ipar Euskal Herria turismoarentzat egokitzea eta soilik paretetan ageri den euskal nortasunaren zaintzea. Betiko Euskal Herri hain eder hori euskaldunik ez balitz.
Hain eremu txiki eta konplexuan gaztea eta ez hain gaztea izatea ez da xamurra, kontraesanez betetako herrian handitzeak buruko min anitz uzten ditu. Alta, ez dago beste aukerarik, herri honek askabideak bilatu behar ditu, bide xume eta hertsiak izanen dira eta poetak agian pentsatuko du Euskal Herriak ez duela maite, baina euskaldunak oso gaiztoak garela etengabe esaten duten honetan herri gisa sentitzen duguna izateko xendrak aurkituko ditugu. Gure inguruan daudenak nahiko lan daukate etxe aitzinean garbiketa egiteko. Hona hemen azken adibidea: 83 egitura zalantzan daude frantses Armadan, 54.000 lanpostu. Gauza ona dirudi, Armadari garrantzia gutxiago emateko balitz oso erabaki txalogarria litzateke. Zoritxarrez egokitze soila izango da, lehenik, gehigarria kentzen baitute, bigarrenik, erabakia NATOrekin lan egiteko norabide berrien emaitza baizik ez baita. Estatu Batuetako kanpoko politikari laguntza zuzenaren eskaintzeko asmotan Gobernuak tresneria eta tropa berriak sortu nahi ditu. Erran nahi baitu frantses Armadak sekulan baino gehiago Estatu Batuetako tropak lagunduko dituela munduan zehar irekitako fronteetan. Badakigu zer gertatu den Iraken, zorionez frantses Gobernuak ez zituen Estatu Batuak jarraitu. Gaur egungo Gobernuak ez dirudi horrelako norabidea hartuko duenik. Alta, frantses oposizioak ez du tutik esaten norabide larri horien aurrean. Jaunttoen arteko gerlak interes handiagoa duke! Frantsesa izatea ez dirudi erraza denik!