GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Goiherrik laugarren txapela ere etxera eraman du

Erandioko taldeak ez du aurkaririk izan lur gaineko denboraldian, eta jokatu dituzten lau lehiaketetan onena izan da, beti ere Gaztediren aurretik

p036_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Goiherrik ez du hutsik egin, eta denboraldiko laugarren txapela jantzi zuen atzo Areson. Lehendik irabazita zituen 680, 600, eta 640koak, eta falta zitzaiona, 580koa atzo lortu zuen. Aurten beste taldeen gainetik izan dela argi eta garbi utzi zuen Erandioko taldeak, inor ez baita izan beraien parean jartzeko gai, nahiz eta 600ekoan, Gaztedik apur bat estutu duen.

Goiherrik herenegun utzi zuen txapelketa erabakita, Gaztelun jokatutako saioa irabazi egin baitzuen, eta horren ondorioz, sailkapen nagusian Gaztediri bi puntuko aldea atera zion. Horrek esan nahi zuen, berdeei txapela kentzeko, atzo Gaztedik irabazi egin behar zuela, eta Goiherrik berak azken geratu behar zuela. Baina argi zegoen halakorik ez zela gertatuko.

Gaztelun ere, Goiherriko lehen taldeak ez zuen barkatu, eta saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituen. Ez zuen, gainera, horretarako aparteko estualdirik pasa, eta garbi geratu zen pisu horretan ere berdeak zirela onenak.

Bigarren postuan, Gaztedi sailkatu zen. Gorriek, Goiherriren lehen taldearen aurka galdu egin zuten, baina beste bi taldeak mendean hartu zituzten, eta sailkapeneko bigarren postua ia segurtatuta utzi zuen.

Pisu horretako emoziorik handiena hirugarren posturako lehian egon da, oso parekatuta izan baitira Goiherri B eta Areso, baina herenegun bizkaitarrak nagusitu ziren. Bi taldeek aurreko bien aurka galdu egin zuten, eta beraien arteko deman, bizkaitarrek irabazi zuten.

Sailkapen nagusirako, Goiherri A taldeak 4 puntu batu zituen; Gaztedik 3; Goiherri B taldeak 2 eta bakarra Aresok.

Atzo Areson jokatu zen azken jardunaldia, baina dena erabakita zegoen. Aurrez azaldu bezala, Goiherriri txapelak ihes egiteko atzo azkena izan beharra zeukan, eta Gaztedik irabazi. Garbi zegoen, hala ere, hori gertatzekotan, mirariren bat suerta beharko zela, baina gutxitan gertatzen omen dira mirariok.

Emaitza bera

Atzokoan ez zen, beraz, ezusterik izan, eta bezperako emaitzak berriro errepikatu egin ziren. Sailkapen nagusian ere ez zen aldaketarik izan, berriro ere Goiherrik irabazi zituen saioko tiraldi guztiak, eta horrekin batera txapela jantzi ere bai.

Haren atzetik, Gaztedi izan zen. Gorriek Erandioko taldearen aurka bi tiraldiak galdu zituzten, baina bai Goiherri B taldeari, eta bai Aresori ere irabazi egin zieten, eta amaieran bigarren postu horri eutsi zioten.

Lehia estua izan zen hirugarren posturako. Lehen jardunaldian Goiherri B taldea eta Areso berdinduta geratu ziren, baina herenegun, bizkaitarrek mendean hartu zuten Areso. Horiek, ordea, atzo etxean aritu ziren, eta zalantzak sortu zituen horrek, baina nafarrek atzokoan ere ezin izan zuten garaitu. Aurreko bien aurka galdu arren, Goiherri B taldeak Areso menderatu egin zuen.

Atzokoan, beraz, Goiherri izan zen nagusi (4 puntu); bigarren Gaztedi (3); hirugarren Goiherri B taldea (2), eta azkena, Areso (1).

Sailkapen nagusian, Goiherri A izan da, txapeldun (12 puntu); bigarren, berriz, Gaztedi sailkatu da (9 puntu); hirugarren Goiherri B izan da (5,5 puntu), eta azkena Areso, (3,5 puntu).

Horrekin amaitu da Euskal Herrian sokatiraren denboraldia. Goma gainekoan Abadiño izan zen jaun eta jabe, eta lurrekoan, berriz, Goiherri. Kirol honek, beraz, indarrik handiena Bizkaian dauka, bai goman, eta bai lurrean ere.

Urteak joan eta urteak etorri, betiko taldeek jarraitzen dute aurrera

Sokatiraren etorkizuna argia denik ezin da esan, eta are gutxiago lur gainekoan. Urteak joan eta urteak etorri, lehengoak baitabiltza jirabiraka.

Euskal Herriak eman duen talderik handienak, Nuarbek, utzi egin zuen, eta orain besteak ari dira lanean. Goiherri, Gaztedi, Mutriku, Getxo eta Areso. Berririk sortu ezean arazoak gehituko lirateke, baten batek utziz gero, ez legoke-eta lehiaketarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo