GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Gipuzkoako Bigarren Mailakoa

Jexuxmari Mujikak txapela eta Lehen Mailara igotzeko txartela lortu ditu

p036_f02.jpg

J.L. | MENDARO

Jexuxmari Mujikak lortu zuen herenegun arratsaldean Mendaron Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela, eta, horrekin batera, heldu den urtean herrialdeko maila nagusian aritzeko txartela ere bai.

Final hau zuzenean ikusteko asmoarekin joandako 500 ikusle inguruk bete egin zituzten Mendaroko pilotalekuko harmailak. Bertan, orain dela hiru aste Usurbilen jokatutako kanporaketako sei onenak izan ziren. Lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen aizkolari bakoitzak.

Finala bikaina izan zen. Mujikak jantzi zuen txapela, baina lau segundo bakarrik kendu zizkion Ugartebururi. Otaegik azken enborrean atzera egin bazuen ere, hura ere parean izan zuten azkenera arte. Ugarteburuk oso indartsu ekin zion eta nagusi izan zen lehen kana-erdikoan, baina bigarrengoan Otaegi parean jarri zitzaion. 60 ontzakoetan, Mujika gerturatu zen, eta hortik amaierara, hiruren arteko dema izan zen, Otaegik jo zuen arte.

Bestetik, Mendaron bertan jokatu zen Gipuzkoako Lokotx-biltze Txapelketa, eta Larrañagak irabazi zuen, 6.47 denbora eginez. Bigarren postuan, berriz, Arteaga sailkatu zen, iazko txapelduna, eta 6.52 izan zen berak egindako denbora. Lehia estua izan zuten hauek ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo