GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

San Miguel Liga

Igandeak gorriz jantzi ditu Castrok

Etxaberen mutilek ligako hirugarren estropada irabazi dute Riveiran. Zarautz izan da bigarren bere txanda bikain irabazita.

p030_f01_333x333.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

San Miguel Liga martxan jarri zenetik horren ohikoak bihurtu diren arraun jardunaldi bikoitzak, dinamika berriak sortu ditu traineruen sailkapenei dagokionez. Adibidez, oso ohikoa bilakatu da zenbait ontzik larunbatean lan apal samarra egitea eta igandean, aldiz, emaitza bikainak lortzea. Zumaia izan zen iaz joera hori behin eta berriro errepikatu zuenetako bat eta, aurten, Castrok heldu dio «Telmo Deun» ontziak hasitako bideari. Kantabriarren kasuan gainera, hobekuntzak estropadaren garaipena izaten du sari. Datutxo bat baino ez, aurtengo ligan igandez jokatutako lau estropadetatik hirutan «La Marinera»k eraman du trapua etxera. Ez dago gaizki.

Aurrekoetan ez bezala, atzo gorabehera eta aldaketa asko egon ziren. Urdaibai aurretik irten zen lehen ziabogan -bost ziabogako estropada izan zen- eta bigarren luzearen amaierarako aldea hiruzpalau segundokoa zen. Baina atzetik aurrera etorrita, Castrok sekulako laugarren luzea egin zuen eta azken maniobrara iristerako bera zen aldetxo ederra zeukana. Amaieran, Iker Gimeno patroi gazteak bikain zuzenduta, ia hamar segundo atera zizkion Urdaibairi.

Kontuan hartzekoa traineru ia guztietan aldaketa asko egon zirela estropadak pilatzen hasi diren honetan. Castron, esaterako, bezperarekiko bost aldaketa egin zituen Juan Mari Etxabe entrenatzaileak, besteak beste, Ion Elortegi bizkaitarra berriz ere hankeko moduan ipinita. Urdaibain, Polo eta Zabaleta kanpoan geratu ziren eta Gallo eta Banica sartu ziren. Gainera, Gaizka Olazar eta Mikel Portularrume tostaz aldatu zituen Patxi Bilbaok atzokoan.

Euskal ontzirik onena Zarauzko «Enbata» izan zen. Gipuzkoarrek aspaldiko partez bigarren txanda irabaztea lortu zuten Pedreñari aurrea hartuz eta egindako denbora onak (20.01.91) bigarren postua izan zuen sari. Gainera, San Pedrok izan zuen egun motelari esker -bederatzigarren- ohorezko txanda bost puntura baino ez dute orain zarauztarrek.

Eta bereziki pozgarria Hondarribia lehen txanda irabazten ikustea, Tiranen aurretik. Bezperako eragozpenak ahaztuta, Orbañanosen mutilek estropada oso polita egin zuten eta seigarren postuan amaitu zuten. Cabo bi puntura dute orain sailkapenean eta pentsatzekoa da berandu baino lehen bigarren txandan ikusiko dugula «Ama Guadalupekoa». Arkotek, azkenik, gero eta zailagoa du iraileko kanporaketa ekiditea.

Kaikuk eta Astillerok ez dute hutsik egiten

Kaikuk KAE-1 Ligako zazpigarren garaipena eskuratu zuen Lekeition El Correo-BBK Ikurrina irabazita. Sestaoarrek 16 segundo atera zizkioten Camargori eta 22 Isuntzari. Hain zuzen ere, azken bi horien arteko borroka da maila honetan dagoen gertaerarik interesgarriena. Oraingoz, kantabriarrek puntu bateko aldea dute igoera kanporaketa jokatzeko lehia horretan. Beheko postuetan ez da aldaketarik izan.

KAE-2 Ligari dagokionez, Astillerok ez zuen hutsik egin Pasaian Hibaikak antolatutako estropadan. Orio izan zen bigarren, minutu erdira, eta Trintxerpe hirugarren, minututik gorako atzerapenarekin. Hemen ere, atzeko postuetan ez da aldaketarik.

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo