«Xiberoko jauna» eguneko jauna izan zen jai borobil eta bero batean
Atzo estreinatu zuten Ezpeizen Jean-Louis Davantek idatzitako «Xiberoko Jauna» pastorala, ikusmin handiarekin. Pastorala 1846an egin zuten azkenekoz Nafarroa Behereko administraziopean den herri «xiberotar» honetan, eta horrek ikusmira eta gogoa piztu zuen antolatzaile, aktore zein ikusleen artean. «Xiberoa hobeki ezagutzeko parada» eskaini duen lan hau espero bezala burutu zen, ohi denez, beroa egun osoko protagonista nagusietako bat izan zuela.
Xabi HERNANDEZ | EZPEIZE-ÜNDÜREINE
Ematen du pastoraletako lagun fidel edo protagonistetako bat beroa izan ohi dela urtero-urtero, eguneko beste aktoretako bat bailitzan. Atzokoan ere hala izan zen, nahiz eta lainoek tarteka itzalpe lausoren bat oparitu zuten. Eta, gaitz erdi; izan ere, jende andana bildu baitzen nortasunez eta kulturalki zuberotar- tzat jotzen duten zoko honetara. Gainera, giroan ilusio berezi bat antzematen zen, batez ere goiz partean Ezpeize-Ündüreineko karrika eta kantoietan. «Biziki untsa da hau, gurea da eta maite dugu», esan zuen Onizepetik bertaratu zen Jeanette Etxegoienek, urteen esperientzia gainean ikusten zitzaiola.
Esan bezala, ikusmira handia zen eta, horren froga agian, eguna indartsu hasi zela izan zitekeen. Ospakizunari hasiera goizeko hamarretako mezak eman zion, apezak adierazi zuenez «ezin baita hasi pastorala mezarik gabe», eta ordurako, 500 bat lagun, gehienak nagusiak, Ündüreineko elizaren aitzinean bildu ziren. Elizkizunean predikuak zein kantuak ¯eta, azken hauek egun osoko konstantea izan ziren, gehienbat¯ gurutzatu ziren, eta hauek izan ziren herritarrak, bisitariak nahiz eguna bera iratzartzeko arduradunak. Lehenbiziko bertsoek ongi islatzen zuten jardunaldiaren joana nolakoa izan zen: «Egünko besta handi eta eder huntan, / oi zer boztairua gure bihotzetan».
Ordubete ttanko igaro eta, berehala, elizkizunean apezaren lagun izan ziren pastoraleko partaideak Ezpeizeko pentzeetara abiatu ziren desfilean, musikak eta errejentak gidaturik. Martxa irekitzen Oier III.a, Miramonda bere emaztea eta Zuberoako sindiko Anizet zihoazen zaldi batek tiraturiko organ. Atzetik, aldiz, beste pertsonaia guztiak bi lerrotan, giristino eta turkoetan banaturik; hala nola satanak, aingeruak, artzainak, Nafarroako Erregeak, elizgizonak eta, bukaeran, musikariak eta dozena erdi artzainek gidatutako artaldea eta astoa.
Antolakuntza «bikaina»
Modu horretan, desfilearen bi alboetara bat baino gehiago pilatu zen Ündüreineko karriketan, etxaldeetako bizilagunak batik bat, kanpotik etorritakoak desfilearen atzetik zihoazen, bestan parte hartzeko gogoa nolanahikoa ez zela agerian utziz. Euskaltzaindiko buru izandako Jean Haritschelarrek azaldu zuenez, «ez da dudarik egun ederra izanen dela. Orain meza entzun ondoan Ezpeizerat joanen gara eta, bazkaldu eta gero, pastorala ikusgai izanen da. Jean-Lous Davantek egin badu, ederra izanen dela pentsatzen dut».
Martxak iraun zuen kasik ordubetean, Ezpeizerako bide bazterretan zeudenek harrera ezin hobea eman zieten arribatzen joaten ziren pertsonaiei eta parte-hartzaileei eta, anartean, txaloak eta animo oihuren bat argazki eta asetasun begiradekin gurutzatzen zen.
Begi horietako batzuk Saratik (Lapurdi) etorri zen Peio Telletxearenak ziren. «Ni lanarengatik naiz hemen, autobus gidaria bainaiz. Lehenbiziko aldia da niretzat, baina ongi dela diote, guk hala aditzen dugu behintzat. Dena den, pastorala ezaguna da biziki Euskal Herri osoan zehar».
Pixkanaka eta ia eguerdian aurtengo pastoralaren herrira iritsi ziren denak, egarri eta izerdi patsetan. Musikarien artean zen Lea Etxegoien klarinete-jotzaile sohütarrak eguraldiari eta giroari erreferentzia egin zion: «Egun polita da guretzat, berezi eta goxoa, bero izugarria eta egun luzea bada ere».
Ezpeizeko sarreran dauden larre batzuetan ezarri zituzten bai eszena eta harmailak bai ostatu zein jantokirako karpak. Sarrikotatik bertaratu zen Maite Derrezolak antolaketaren bikaintasuna goraipatu nahi izan zuen eta, egia esan, ezer gutxik ihes egin zien arduradunei. Hamaika boluntariok jardun zuten zeregin horretan, aktoreetan bezalaxe, inguruko herrietatik laguntzeko prest izan den jendetza.
Ürrüstoitik etorri zen Jean Baptiste Challa antolakuntzan bere ekarpena egiteko, esan zuenez, «besta, tradizioa eta elkartasuna biltzen dituen ekimena baita».
Ez-profesionaltasuna bertute
Bazkalordua heltzen ari zenerako, gero eta ikusle gehiago zela nabari zen. Eguzkiak gogotik jotzen zuen eta denek gerizaren edota ondoko errekaren haize freskoaren errukia bilatzen zuten. Ogitarteko eta freskagarri artean, urduritasunaren zantzuak igartzen ziren protagonista izan behar zutenen aurpegietan, nonbait aktore edo artista profesionala ez izateak eraginda. Esanek, berriz, kontrakoa adierazten zuten.
Aurtengo lanaren sujeta edo protagonista izan den Allande Davantek ¯Oier III.aren paperean, jakina¯ ordura arte «dena ongi» joaten ari zela esan zuen, eta bere burua nahiz beste aktoreak «lasai eta ongi prestaturik» ikusten zituela gehitu zuen. Jean-Fabien Lechardoi errejentak tentsio egoera apurtu nahi izan zuen: «Gu prest gara eta orain arte eginiko ahaleginen emaitzak ikusiko dira». Oierren emaztearen rola hartuko zuen Maritxu Galant-Davantek ere trebatzeko emandako orduak eta esfortzua izan zuen mintzagai: «Lan anitz izan dugu gaur bitartean, urtarriletik ukan baititugu mustrakak. Gustura eginikoa, halere».
Bazkalostean hasi zen emanaldia, ur botila eta guardasolen artean, Oier Xiberoko jaunaren bizitzaren pasarterik gailenenak taula gainean antzeztuz, eta XII. mendeko Zuberoa eta sasoiko lurralde nafarra irudikatuz. Nabarmentzekoak kantuen, testuaren eta kantarien maila ona, janzkerarekin batera horiek izan baitziren deigarrienak.
Eta, besta hiru ordu eta erdi geroago bukatu zen, zazpi eta erdiak jotzeko, espero zen gisan. Gauean geratu ziren, gero, «giro goxoan» bertako eta inguruetako herritarrak, batez ere, adierazpen kultural honi amaiera emanez. Taularatzea Hego Euskal Herrira ere eraman lezakete, baina ez da ziurra oraingoz.
Aski ongi prestatua eta entseatuta den ikuskizuna den arren, herri ekimenak izanki, pastoraletan gertaera bitxiak egon ohi dira. Atzo intsolazio bat baino gehiago izan zen. Bestalde, Nafarroako Erregearen paperean zegoena zer esan jakin gabe geratu zen behin.
Pastoraletan ospatzen den lekuko herritarrak eta ingurukoetatik bertaratutakoak biltzen dira. Aurtengoak, ordea, Davant familia izan du protagonista hainbat alorretan. Jean-Louis Davantek lana idatzi eta bertan parte hartu du, bere iloba Maritxu, Allande eta Maiterekin.
Hurrengoa: Ezpeize-Ündüreine.
Data: Abuztuaren 3an izanen da, igandean.
Ordua: Eguna mezarekin hasiko da goizeko hamarretan. Pastorala, aldiz, 15:30ean.
Enkantea: Dantza Maulekoek erosi dute 1.500 euroan.