Aitor Irigoien Odriozola Getaria
Egun on
Estatu oso bat, bere makineria guztiarekin, pertsona bakar honi eragiten ari zaion infernuak ez du izenik. «Aski da!» esateko unea da, ezer larria gertatu baino lehen
Beste egun bat. 208/07/17. Goizean iratzarri eta lanean hasi aurretik, eguneko berriak aztertzeari ekin dio, edozein eguni ekiteko modu ankerrena eta gogaikarriena hautatu duela jakin gabe.
Lehen berria: «Egin»en itxiera agindu zutenetik 10 urte igaro berri direnean, GARA egunkariaren telefono linea espioitzapean dagoela atera da argitara. Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa bezain larria dirudi gizarteko sentsibilitate jakin bati halako jarraipen obsesionatua aplikatzen diotenen immunitateak. Estatuko gobernuak prentsa ohar labur bat atera du soilik, honen inguruan ezer ez dakiela azalduz. Azalpen gehigarri, errugabetasun froga bakar bat ere ez; «ezta beharrik ere» pentsatuko dute. Europar Batasuneko gainerako herrialde bakar batean ere ez da horrelakorik gertatzen. Jendea bitartean, isilik.
Bigarrena: Iñaki de Juanaren izenak berriro hartu ditu lehen orri eta titularrak, kartzelatik irteteko eguna gertu duen bakoitzean, magia bailitzan, gertatu ohi den bezala. Lintxamendu, gezur eta mendeku kanpaina abian da beste behin. Oraingoan, bere emazteari etxebizitza kenduko diotela mehatxatzeraino iritsi dira bakea eta demokraziaren defendatzaile zintzoak. Egoera jasangaitza salatzeko, berriro gose grebari ekitea erabaki du Iñakik. Estatu oso bat, bere makineria guztiarekin, pertsona bakar honi eragiten ari zaion infernuak ez du izenik. «Aski da!» esateko unea da, ezer larria gertatu baino lehen. Aspalditik aske izan behar zuela ahaztuta dutela dirudi.
Hirugarrena: Eusko Jaurlaritzak onartutako Kontsultarako Legeari helegitea jarri diote, legea legez kanpo uztearen aurrekari gisa. Urkulluk onartu egin du hau eta erantzun bateratu bat ematearen beharra adierazi. Hori bai, hasieratik EHAKri ekimen kolektibo honen atea itxi dio. Egun berean, Patxi Zabaletak, EHAK-k kontsulta defendatu beharko lukeela dio. Adierazpen horietatik ateratako ondorioaren aurkakoa iruditu arren, helegitea PSOEren gobernuak jarri du, ez EHAK-k. Eta Kontsulta Legea, besteren artean, EHAKren botoei esker onartu zen, PSEren ezezko biribilaren aurrean. Film guztietan pertsonaia gaizto bera irudikatzea aspergarria egiten da... eta zalantzak sortzen ditu.
Laugarrena: Iraken 17 pertsona hil dira eta 95 zauritu bonba-auto baten eztandaren ondorioz. Atzo 24 izan ziren, herenegun 15, aurreko astean... Beldurgarria da Iraken hilak diren, egunero gertuko norbait galtzen duten pertsonen kopurua. Dagoeneko ohitu egin gara ordea, eta zifrok primitibako zenbakiak bailiran irakurtzen ditugu; ezer sentitu gabe, zirrarak gorputza zeharkatu gabe. Zoramena eguneroko bihurtuz, apokalipsia. Bitartean, Bush-ek Irak askatzeagatik harro dagoela eta egoera lehen baino hobea dela esaten jarraitzen du... eta gerra berriak diseinatzen... eta horietara bidaliko dituen txiroak engainatzen... urruneko milaka herritarren patua erabakitzen... eta Jainkoa dela esaten dion norbaiten ahotsa entzuten...
Bosgarrena: Kolonbiako Gobernuak onartu egin du Betancourt-en erreskatean bere soldaduek Gurutze Gorriaren ikurra eta arropak erabili zituztela, hau gerra krimena izanik. Zer gertatuko da egunen batean FARC-eko kideek Gurutze Gorrikoekin topo egin eta militarrak direlakoan tiro egiten badiete? Nor izango da erantzulea? Uribe lehendakaria ilegalitatearen, azpijokoen, ustelkeriaren eta manipulazioaren zerrenda marka guztiak hausten ari da, hitz egin eta akordioak lortzearekin ezer jakin nahi ez duen bitartean. Noiz arte iraungo du kolonbiarren pazientziak?
Esnatu berria den arren, berriz lotara joateko gogoa sartu zaio. Baina dagoeneko ezin du lo hartu. Horixe, egun on... eta ongi etorri injustizia, gaizkia eta zentzugabekeriaren XXI. mendera...