San Miguel liga
Noraino iristeko gai izango ote da aurten Zarautz?
Iragan asteburuko bi emaitzei esker denboraldi hasierako helburua beteta, «Enbata» ontziak «gorago begiratu» behar duela uste du klubeko lehendakari Antton Illarramendik.
Imanol SESMA | DONOSTIA
«Galizia arraunerako leku berezia da, hango estropada eremuak ez ditugu ezagutzen», esan du Zarauzko Arraun Elkarteko Antton Illarramendi presidenteak GARArekin hitz egiten hasi orduko. Hala ere, asteburuko estropadetan seigarren eta bigarren postuak lortuta, handik «oso gustura» itzuli direla adierazi du: «Arraunlariak ongi ikusten ditut. Larunbateko estropadan zortea ez genuen alde izan, baina igandekoarekin garbi ikusi genuen gure puntua hartzen ari garela eta gora egiten ari garela».
Azken urteotan zarauztarrek erakutsitako gorakada dela-eta, iragan asteburukoa gutxirentzat izan da ustekabekoa. «Enbata» urtez urte emaitza hobeak lortzen ari da 2006. urtean TKE ligan sartu zenetik. Urte horretan, seigarrenak izan ziren sailkapen nagusian, eta 2007. urtean aldiz, bosgarren sailkatzearekin batera, Zumaiako Ikurrina eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi zituzten. Anttonen ustez, «arraun talde batek urteak behar ditu sendotzeko, bere arraunketa finkatzeko eta koadrila gogortzeko», eta hori da Zarautzek azken urteotan taldeari eusteari esker lortu duena.
Mendizabal entrenatzailearekin ere oso gustura dago: «Hemen gauden bitartean, berak nahi duen artean Zarautzen jarraituko du». Hala ere, arraunlarien arteko giroa nabarmentzen du ZAEko lehendakariak: «Hona ez da edozein arraunlari etortzen. Arraunlariek errespetua merezi dute, taldearekin hitz egiten dugu, eta beraien gustukoak ez direnek ez dute lekurik. Hemengoa koadrila bat da, eta ezin du edonork etorri taldea haustera». Horren inguruan sekretu bat kontatu digu: «Hilero afariren bat egiten dugu eta mahai gainean esan beharreko guztiak esaten ditugu, euskaldunok egin ohi dugun legez».
Helburua beteta, gorago begira
Zarauzko «Enbata»ren helburua «hilabete honetarako TKE ligan jarraitzea ziurtatzea» zen denboraldi hasieran, eta azken emaitzekin helburua betea dutenez, hemendik aurrera «gorago begiratu» behar dutela deritzo Illarramendik.
Urrunago joan gabe, Getxoko eta Zumaiako estropadak jokatuko dira asteburu honetan eta zarauztarrak aurreko urtean gertaturikoa gogorarazi digu: «Zumaiako estropada irabazi genuen, TKEn irabazten genuen lehenengo ikurrina». Aurtengoan ere emaitza hura «gustura» hartuko luketela jakinarazi digu, eta Zarautzeko Ikurrinari begira ere asmo bereziak dituzte: «Gure estropada da, aurten klubak 25 urte betetzen ditu eta zerbait egin nahi dugu».
Bestalde, liga «irekia» dago Antton Illarramendiren ustez, nahiz eta garaipena batik bat Urdaibai, eta ondoren Orio eta Castroren artean egongo dela onartzen duen. Dena dela, San Pedro eta Zarautz orain arteko estropadetan gertu ibili direla eta batzuetan aurretik ere sailkatu direla gogorarazi digu ZAEko lehendakariak.
Kontxari dagokionez, ikurrina eskuratzeko hautagaiak horiek berak izango direla uste du, «denak Astillerori begira» daudela aitortu arren: «Ez dugu beraien erreferentziarik eta Espainiako txapelketan ikusi beharko da beste ontziekin alderatuz nola dauden. Ziur asko goian egongo dira, baina auskalo».
Lekeition 12.00etatik aurrera jokatuko da estropada historikoa. Bertan Tolosaldea, Zumaia-Getaria, Arkote eta Hondarribia arituko dira, emakumezkoen Euskal Herriko lehen ikurrina irabazteko lehian.
Euskadi Irratiak iragarri zuenez, ontzi hauek Kontxako estropadan ere izango dute aukera Astillero, Cabo eta Kataluniako talderen batekin batera.I. S.