Bi hilabetez, Gasteiz antzerkiaren hiriburu Nazioarteko Jaialdiarekin
Udazkenero gertatu ohi denez, antzerkiak hitzordu berezia izango du Gasteizen urrian eta azaroan. Nazioarteko Jaialdiaren 33. edizio honetan, ikuskizun entzutetsuez gain, beste hainbat ekintza ere azpimarra daitezke. Printzipal antzokiaz haratagokoa baita aurtengo edizioa.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Gasteizko udazkeneko kultur eskaintza Nazioarteko Antzerki Jaialdiarekin erabat loturik dago. Ulertzekoa da 33 edizio bete dituen hitzordu batez ari garela eta urtero proposamen interesgarriak -batzuetan kopuru handiagoa, txikiagoa besteetan- hurbiltzen dituela kontuan hartuta. Aurten ikuskizun ezagunak aurkeztearekin batera, bestelako ekintzei ere garrantzia eman diete arduradunek.
Hasteko, Juan Diego Bottoren «Hamlet»ek irekiko du jaialdia. Historian zehar hainbestetan antzeztu den obra izanda, beste Hamlet bat beharrezkoa ote den galdetu diote bere buruari antzezleek. Eta erantzuna, argia: «Kontua da horren maisuki idatzitako obrak gai direla bihotzean amaigabeko notak aurkitzeko». Bottoren lanak giroa berotu ondoren, urrian beste lan batzuk ere izango dira. Beste batzuen artean, animalien mundura hurbiltzen den Juan Mayorgaren «La paz perpetua» eta mimoa, musika, itzalak eta irudien bidez unibertso harrigarrian murgiltzen den «Infinita», Familie Flözena, hain zuzen.
Azaroko programazioak ere baditu deigarriak diren antzezlanak: Marisa Paredesen «Sonata de Otoño», Centro Dramático Nacionalaren «Sí, pero no lo soy» eta orain arte arrakasta handia izan duen «La Tortuga de Darwin» Carmen Machiren lana. Euskal Herrikoen artean, Tanttakaren «Arrainen Bazka»ren bi bertsioak ikusteko aukera egongo da.
Programazioaren aurkezpen ekitaldian, Maite Berrocalek, Kultura zinegotziak, ohar berezi bat egin zuen; La Fura dels Baus- ek ekarriko duen «Boris Godunov» antzezlanaz hain zuzen, Moskuko Dubrovka antzokian 2002ko urriko gertaerak abiapuntutzat hartzen baititu eta, bere aburuz, ikuslearen sentiberatasuna mindu dezake. Baina, azken batean, La Furak burutu ohi dituen urratsez ari gara.
Aipatutako lanak Printzipal antzokiak hartuko ditu, hiru dantza ikuskizunekin bat; sarrerak irailetik aurrera egongo dira eskuragarri. Horrez gain, Jesus Ibañez de Matauco eta Federico Garcia Lorca antzokia ere sartu dira programazioan.
Jarduera paraleloei dagokionez, familia osoarentzat pentsatuta dauden ikuskizunak eta haurrei begirako proiektua nabarmendu daitezke. Proposamen aberatsak sartu dira haurrak antzerkiaren bidez musikara, dantzara eta poesiara ere hurbilduz. Bestalde, «Antzerkia Zabaltzen» atalak, arte eszenikoen III. Jardunaldiak, antzerki eta sorkuntzako I. Topaketak eta Hitzaldiak bilduko ditu.