GARA > Idatzia > > Mundua

Aginte Palestinarrak soldatak ordaindu ahal izateko dirua eskatu dio Munduko Bankuari

Aginte Palestinarrak ez du funtzionarioei ordaintzeko behar beste diru, eta hori dela-eta premiazko diru-laguntza eskatu dio Munduko Bankuari. Israelek indarrean mantentzen duen okupazioak eta Aginte Palestinarraren ustelkeriak behea jotzear utzi dute bertako ekonomia.

GARA |

Aginte Palestinarreko lehen ministro Salam Fayyad-ek premiazko diru-laguntza eskatu dio Munduko Bankuari langileen soldatak ordaindu ahal izateko. 120 milioi dolar (76 milioi euro) behar ditu 160.000 funtzionariori ordaintzeko. Fayyad Munduko Bankuan aritu zen Aginte Palestinarreko lehen ministro izendatua izan baino lehen.

Munduko Bankuak dituen datuen arabera, Palestinako ekonomia porrot egiteko zorian dago. Barne produktu gordinak (BPGd) %14 egin du behera 1999tik, eta batez besteko urteko errentak %40, 785 euroraino.

Egoera ekonomiko kritiko horren arrazoi nagusia Israelen okupazioa da, merkataritza normalizatu bat garatzea ezinezkoa baita baldintza horietan.

Horretaz gain, Aginte Palestinarrak kritika gogorrak jaso ditu, ustelkeriaz jota dagoelako eta atzerritik jasotzen duten dirua agintarien ingurukoei soilik heltzen zaielako. 1993tik, Ramallah-ko agintariek 10.000 milioi dolar (6.360 milioi euro) jaso dute diru-laguntzetan. Kopuru hori, ia oso-osorik, administrazioaren gastuak eta funtzionarioen soldatak ordaintzeko erabili dute.

Hamasek nabarmendu zuenez, Gazako funtzionarioek ez dute soldata jasotzeko arazorik izan, nahiz eta Israelek lurralde honen aurkako blokeoak bere horretan mantendu.

%45eko langabezia-tasa Gazan

2007ko uztaila eta abendua artean, Gazako langabezia-tasa %45,3ra heldu zen, inoiz izan duten altuena, NBEaren Palestinako Errefuxiatuei Laguntzeko Agentziak (Unrwa, ingelesez) jakitera eman zuenez.

Gazan dauden errefuxiatuen artean portzentajea are altuagoa da, %46,1ekoa hain zuzen ere. Zisjordanian, berriz, %24,5ekoa da, Ekialde Hurbileko batez bestekoaren bikoitza.

haur bat hilda

Israelgo Armadak Harresiaren aurkako manifestazio batean zegoen haur bat hil zuen atzo Nilin herrian. Balekin erantzun zieten sionistek harriak bota zituzten haurrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo