GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Gasteizko Andra Mari Zuriaren Torneoa

Pablo Berasaluzek lekua berreskuratu du onenen artean

Aurrelariak Barriolarekin jokatuko du bi urte kaskarren ostean. Olaizola II.a eta Martinez de Irujoren arteko buruz burukorako sarrerak 70 eurotan salduko dira.

p038_f01_333x333.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

«Erortzea zilegi da, altxatzea derrigorrezkoa» dio errusiar esaera batek eta kasik hiru urte behar izan dituen arren, Pablo Berasaluzek goi mailako txapelketa batean jokatuko du berriz Gasteizko Andra Mari Zuriaren Torneoan. Udako feria bat besterik ez den arren, enpresak Abel Barriolarekin batera jokatzeko aukera eman izana oso garrantzitsua da Berrizko aurrelariarentzat.

2005eko Lau eta erdikoan Gonzalezek kanporatu zuenetik, bizkaitarrak ez du lekurik izan txapelketetan -2004eko sanmateoak izan ziren bere azken udako torneoa-, baina azkenaldian egindako lan onak fruituak eman ditu, eta aitaren heriotzaren ostean bizi izandako sufrikario guztiak alboratuta, frontoian pilotaz gozatzeko unea itzuli zaio berriz ere.

«Niretzat gauza handia da horrelako torneo batean sartzea. Are gehiago Abelekin jokatuta. Egungo atzelaririk onena da eta gainera lagun ona dut. Fisikoki oso ongi iritsiko naizela uste dut», adierazi zuen aurten jokatutako 28 partidetatik 19 irabazi dituen pilotariak.

Azken bi urteetako ohiturari jarraituz osatutako bikote mistoak emango dio hasiera aurtengo Gasteizko torneoari datorren abuztuaren 5ean, Olaizola I-Belokiren aurkako partidarekin. Lehia honetako irabazleak azken lau urteetan garaile izan diren Titin III.a-Pascualen aurka abuztuaren 7an finalaurrekoa jokatuko dute. Ezbairik gabe, Errioxako aurrelaria da feria honetako izar nagusia, izan ere, azken sei edizioetatik bost irabazi ditu.

Feriak aurten bost egun izango dituenez, bigarren finalerdia dagoeneko osatuta dago: hilaren 6an jokatuko dute Bengoetxea VI.ak eta Beginok Xala eta Lasa III.aren aurka. Torneo honetako finala abuztuaren 9an jokatuko da arratsaldez, Tele5ko kamerak zuzenean direla.

Partida berezia

Gasteizko ferian ohitura da partida «bereziren» bat antolatzea. Iaz lau aurrelariz osatutako binakako partida bat antolatu zuten eta aurten, berriz, buruz buruko partida bat jarri dute; enpresa bakoitzeko pilotaririk «mediatikoenak», Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo, elkarren aurka jarriko ditu, nahiz eta honek pilotari hauek torneotik kanpo uztera behartu.

Hasiera batean, beste urte batzuetan egin bezala, buruz buruko finalaren errebantxa jokatzea aztertu zuten, baina egungo txapelduna den Oinatz Bengoetxea kantxa osoan jokatzeko sasoian ez egoteaz gain, ikusmin handiagoa piztuko duen beste partida honen alde egin dute. Atera kontuak, partida ETBk emango badu ere, kantxako sarrerak 70 eurotan jarri dituzte, torneoko finalekoak, aldiz, 20 euro merkeagoak, 50 eurotakoak izango diren bitartean.

Bi protagonistei partida hau jokatu beharrak grazia handirik egin ez arren, «onena ematen» saiatuko direla adierazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo