GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Martxan da Ataungo txoko ikusgarrienak bisitatzeko ibilbideak biltzen dituen webgunea

p018_f02.jpg

Janire ARRONDO|

Ataun hobeto ezagutzeko Ataunturismoa.net ekimena martxan da dagoeneko. Atzo aurkeztu zuten bertako alkate Bittor Orozek, Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendari Juan Carlos Zuloagak, Amaia Isaspi Araziko web proiektuaren arduradunak eta Elena Castaño 3D tresnaren arduradunak.

Ataunen aurki daitekeenaren aurrerapentxo bat biltzen da webgune horretan Orozek adierazi zuenez. Bi ezaugarri nagusi ditu oinarri web orriak: mendia eta mitologia.

Aita Barandiaranek bildutako 37 kondaira entzun eta ikusteko aukera dago flash aplikazioari esker. Gainera, Andoni Egaña bertsolaria aritu da audioen grabaketa lanetan, kondairen kontakizunean ahotsa jartzen.

Oinez egiteko hamabi ibilbide prestatu dituzte, bizikletaz egiteko hiru BTT ibilbide eta «bazterrik magikoenak biltzen dituen lau ibilbide mitologiko», Isaspik adierazi zuenez. Agertu zutenez, «ibilbideek, GR eta PR bideekin bat egiten badute ere, ez daude seinaleztatuak, beraz, gomendagarria da webgunetik informazioa jasotzea».

Teknologiarik berriena

Ibilbide mitologikoek zirkuitua kondairak entzunez egiteko aukera eskaintzen dute, horretarako prestatu duten audioa web orritik PDA edo MP3 erreproduzitzaileetara batera jaitsita.

Bestetik, web orri beretik, GPSra jaisteko mapa bat ere prestatu dute. Azkenik, Isaspik azaldu zuenez, web gune honetan blog bat ere badago, bisitarien esperientziak biltzeko prestatua.

Aralarreko paisaia ezagutu eta bertako turismorako aukera aberatsa gerturatzeko hegaldi birtuala ikus daiteke Ataunturismoa.net web orrian. 3D eran herri horretako turismo eta kultura edukiak bisitatu ahal izango dira hegaldi birtualean. Ikus-entzunezko 92 pieza lotuz, puntu interesgarrienak irudika daitezke. Ataunen modu askean nabigatzeko parada eskaintzen du tresna honek, erabiltzaileari bere ibilbideak sortzeko aukera emanez.

Bestetik, aurrez diseinaturiko hegaldiak ere badaudenez, hegaldi gidatua egiteko aukera ere badago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo