Irteera operazioarekin bat, larunbatean errepideetan protesta egitera dei egin dute
Azken hilabeteetan Euskal Herrian bizi den errepresioaren eta «salbuespen egoera»ren aurrean herritarren erantzuna oinarrizko jo du amnistiaren aldeko mugimenduak. Urtero bezala, errepideetara aterako dira.
Maider EIZMENDI |
Amnistiaren aldeko mugimenduak dei egin zien euskal herritarrei errepresioaren aurkako eguneroko lana eta borrokarekin jarrai dezaten, are gehiago egun bizi den «salbuespen egoera larrian». Bide horretan, datorren larunbatean, irteera operazioarekin batera, Euskal Herriko zubi eta errepideetan egingo diren protesta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zien.
Atzo Donostian egindako agerraldian, Asier Birunbrales AAMko kideak eta errepresioa pairatutako hainbat pertsonek azken aste eta hilabeteetan Euskal Herrian bizi den egoera salatu zuten. «Estatu espainoleko zein frantseseko gobernuek Euskal Herriari burujabetzaren ateak ixteko xedez bide errepresibo guztiak zabalik» dituztela gaitzetsi zuten eta, alde horretatik, «beharrezkoa dute independentziaren aldeko mugimendua suntsitzea, desagerraraztea».
Gogor salatu zuten «disidentzia politikoa ezabatzeko», makina bat saio egin dituztela: «Alderdi politiko, eragile eta era- kundeak legez kanporatu dituzte, euskal militanteak makro-epaiketa politikoetan epaitu eta herriak harturiko alkateak espetxean sartu dituzte».
«Salbuespenezko metodoak»
Helburu horrekin, «salbuespeneko edozein metodo erabiltzen dute: espioitza eta jazarpen poliziala, kolaborazio eskaera eta legez kanpoko galdeketak kontroletan, militante independentisten atxiloketa masiboak, inkomunikazioa eta tortura, mobilizazio eta ekimen debekuak, bortizkeria poliziala, hedabideen intoxikazio kanpainak...» Horrez gain, preso eta euren senitartekoen aurka bi estatuek abian duten salbuespenez- ko politika gaitzetsi zuten.
Guztiarekin «bi estatuek errepresioaren aldeko apustuan urrunago joateko hautua» egina dutela adierazi zuten. Euskal Herrian, bestalde, «PNV buru dutela, gainerako indar erregionalistek ere bat egiten dute estrategia errepresibo horrekin». «Hitz politak eta diskurtso sutsuak entzuten dizkiegu, baina aldi berean beraien indar armatu eta mediatikoak jartzen dituzte estatuen errepresio estrategiaren mesedetan».
«Euskal herriaren eskubideak nahi bezala zanpatzen» ez dietela utziko nabarmendu zuten. Horixe bera adierazi zuten arratsaldean 125 lagun inguruk Sabin Etxearen aurrean.
Joan den astean Bilbon, Getxon, Elorrion, Fuengirolan eta Nigranen egindako polizia operazioaren gainean ere mintzatu ziren, eta PSOEren Gobernuak torturaren aldeko apustu garbia egiten duela agerian geratu dela esan zuten: «Garzon epailearen aginduetara Guardia Zibilak beste behin ere torturatu egin ditu atxilotutako 10 euskal herritar, atxilotuek beraiek epailearen aurrean salatu duten bezala», azaldu zuen Asier Birunbralesek.
Atxilotuen garantien bermatzeko ezarritako protokoloaren inguruan, nabarmendu zuen «garantiak izan dituen bakarra Guardia Zibila izan dela, inkomunikazioak eskaintzen dion inpunitatearen bidez torturatzeko benetako garantiak izan baititu». Alde horretatik, PNVren jarrera «hipokrita» ere salatu zuen AAMko kideak.
Komunikabideei zuzenduta zera gaineratu zuen: «Espero dugu, atxilotutako pertsonen testigantzak ezagutzen direnean, polizia operazioari eta Barne Sailaren publizitate kanpainari adinako tartea eskainiko dietela».