Kronika | Baionako bradeirea
«Erosketen eroaldia» karrikaz karrika hedatuz
Milaka herritar elkartu zen atzo, Baionan, salerosketaren «Braderie» deituriko jai erraldoian. Ohi den bezala, gaur gaueko herriko besten giroan barneratzeko aukera ematen du ekitaldiak, eta, atzo, berriz ere, giro herrikoia hedatu zen Lapurdiko hiriburuko karriketan.
Ainize BUTRON
Kanpoko merkatal zentro erraldoia bilakatu zen atzo Lapurdiko hiriburua urteroko Braderie ospakizunari esker. Mota guztietako produktuak aurkitzen ahal ziren karrikaz karrika finkatuak ziren salguneetan, besteren artean txorizoa eta emakumeentzako kuleroak. Eta, Baio- nako ohiko saltegietako saltzaileek jarritako kanpoko mahaien artean kanpotik etorritako saltzaile ibiltariak ere baziren salerosketa jai «erraldoi» horretan parte hartzeko.
Horien artean zegoen Damien saltzailea. Estatu frantseseko Tolosa hiritik Baionaraino egin zuen bidaia bere garbiketa produktuak saltzeko. «Feria ugari egiten ditugu Europan barna, bai eta merkatuak ere, baina, guztien artean Baionakoa da onena», erran zuen.
Bere lana, kalez-kale ziren mota bereko beste saltzaileen gisara, «erosketa eroaldia» sortzea zela aitortu zuen, eta, joko horretan Baionako bezeroak zinez «onak» zirela azpimarratu zuen.
Damienek garbitzeko produktuak saltzen zituen bezala, saltzaile ibiltariek mota guztietako ekoizkinak hurbilduak zituzten Baionara, eta bakoitzak erretorika maila gorena baliatzen saiatzen zen erosleak erakartzeko.
Horretan, Estatu frantseseko presidente Nicolas Sarkozy bera iraintzen trebatzen ziren batzuk eta, besteak berriz, umorez, burua «kuleroaren errege gorena» izendatzen ausartzen ziren.
Prezioak gora
Baina, kanpotik hurbildutako saltzaileetatik at, Braderie azokaren erakargarritasuna lekuko saltzaileek dituzten prezio apaletan datza. Eta, atzo, ohi ez den bezala, merkealdiak murritz agertu zitzaien erosleei. Espainia karrikako zapata-dendak, izan ere, %50eko beherapena «soilik» eskaintzen zuen bezeroen harridura eraginez.
«Usaian prezioak interesgarriagoak izaten dira», aipatu zuen karrikan zebilen Iñaki izeneko erosleak. «%50eko beherapena edozein merkealditan aurki dezakezu», gaineratu zuen.
Zapata-denda hura ez zen jarrera hori adierazten zuen bakarra. Horrela, Baionako jaien bi niki zuri hogeita bost eurotan, edo, galtzak beste hamar eurotan ziren salgai. «Hau ez da Braderie bat», zioen Lander izeneko beste gazte batek. «Niki xuri arrunt bat hemezortzi eurotan edozein saltegitan aurkitzen duzu urtean zehar», adierazi zuen. Niki edo galtzak bost eurotan saltzen ziren garaitik urruti geratu zen, beraz, Braderie-ren atzoko edizioa.
Usaian jendea eskuak bete poltsa ikusten zen. Atzo, berriz, erosketak murritzak zirela agerikoa zen.
Madeleine Saint-Pierre Urketatik abiatu zen Baionaraino tratu biribila egin nahian. «Urtero hurbiltzen naiz negozio on bat egiteko asmoz. Horrela ibili behar dugu ikusiz zein heinetan dauden prezioak», salatu zuen. Saltegietan prezio interesgarriak aurkitu ezinean, saltzaile ibiltariengana jo zuen. Hogei eurotan sei perfume pote lortu zituen, izan ere. «Urte osorako daukat horrela. Perfumeen prezioa iruditu zait interesgarriena», gaineratu zuen.
Elkargunea
Gizarte arazoen salaketa ez zen izan, halere, Braderie-ra hurbiltzeko orduan herritarren xede nagusia. Horrela, jantzi saltegi batean prezioak aztertzen zebilen Nicole Picauk, Baionara hurbilduz, helburu nagusi bat zeukan: lagunekin topo egitea.
«Erosteak badu bere garrantzia, baina, Angelun bizi naiz, eta usu ekimen honek aspaldian ikusi ez ditudan lagunekin topo egiteko aukera ematen dit», argitu zuen.
Saltzaileen oihu eta musikaren zarata artean herritar asko bildu zen bertan, kafean jarriak edo karrikaren bazter batean elkarturik kalakan. Horrela, gaur gauean herriko besten bidez abiatuko diren jaien giro herrikoia hedatzen hasi zen atzo. Bestak Biarritz eta Baiona arteko goizeko «Foulée des festayre» izeneko ohiko lasterketarekin abiatuko dira gaur goizean. Eta, aldi berean, merkatuan, tortilla lehiaketari ekingo diote. Baina, bi ekitaldi horietatik at, besten hitzordu nagusiak gauean izango dira.
20.00etatik goiti Baionako Harmoniaren kontzertua egingo da herriko etxeko plazan, eta, 22.00etan egingo da ate irekitze ofiziala. Plaza herritarrez beteko delarik, Leon erregearen iratzartzea izango da gaualdiaren ekitaldi nagusia, herriko gakoak balkoietatik botako dituztelarik. Iratzartzearen ekitaldi hau bestek iraungo duten lau egunetan errepikatuz joango da. Eta egun honi bukaera emateko su-festak izango dira.