GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

AVIRON

Avironek Mailari eusteko helburuarekin hasiko du denboraldi berria

Denboraldia atzo amaitu zela ematen badu ere, berria ate joka dator, eta Estatu frantsesean ostiral honetan bertan hasiko da. Avironen lehen partida larunbatean izango da. N1ean arituko da, eta mailari eustea izango da helburu nagusia.

p037_f01.jpg

Jon LEUNDA

Gezurra ematen badu ere, hastera doa futboleko denboraldi berria. Jende askorentzat oporrei ekiteko tenorea heldu denean, abiatu egingo da Estatu frantseseko Liga, hau da, Aviron Baionakoari dagokiona, izan ere asteburu honetan hasiko baita Frantzian, Lehen Mailako, Bigarren Mailako eta N1eko denboraldia.

Baionarrentzat maila berria izango da aurtengoa, pasa den maiatzean lortu baitzuten N1era igotzea. Hala ere, maila hau ez da ezezaguna beraientzat, 2004. urtean ere lortu baitzuten maila horretara igotzea. Orduan Ipar Euskal Herriko talde batek inoiz lortu zuen mailarik gorena lortu zuen talde zuri-urdinak, baina amets hark bi urte besterik ez zuen iraun. Orain beste aukera bat izango dute.

Hala ere, bidea ez da erraza izan. Estatu frantseseko futbol federazioak taldeen diru kontu guztiak kontrolpean izaten ditu, hemen ez da Estatu espainoleko konturik izaten. Bistakoa da, inork ezin duela zorrik izan, bestela zuzenean maila galtzen baitu. Baina ez da hori bakarrik, denboraldi hasieratik taldeek garbi utzi behar dute ordainketa guztiak zuzen eramango dituztela, eta hori segurtatzeko diru sarreren txosten guztiak aurkeztu behar izaten dituzte Federazioan. Hori dela-eta, arazo batzuk izan ditu Avironek, eta lehen unean federazioak ez zuen onartu N1 mailan. «Paper batzuk falta zirela esan ziguten, eta astebeteko epea eman zigun haiek aurkezteko. Guk egin genuen, eta azkenean arazorik gabe jokatuko dugu N1 mailan», esan du taldeko presidente Manu Merinek.

Izan ere, diru publikoetatik ez dute aurreikusten zuten laguntzarik jaso, eta horren arrazoiak garbiak dira: «Badirudi futbolak enbarazu egiten duela. Talde amateurra zarenean, eta handiren baten aurka jokatzen duzunean, oso atseginak dira zurekin, goi mailara heltzen zarenean, ordea, ez dirudi politikariei graziarik egiten dionik. Askoren ustez futbolak kalte egiten dio errugbiari, eta hemen kirol horrek izan behar du nagusi. Guk ez dugu horrela ikusten. Errugbiak indar handia dauka, eta horren zalantzarik ez dugu, baina futbolak ere bai. Gu ez gatoz errugbiari aurka egitera, biek dutela lekua uste dugu», esan du lapurtarren nagusiak.

Kontuak horrela, mailari eustea izango da baionarren helburu nagusia: «Garbi dago. Milioi bat euroko aurrekontua izango dugu guk, eta hori mailako txikiena izango da. Badira taldeak hiru edo lau milioi euroko aurrekontuak dituztenak. Haientzat igotzea bakarrik balioko du. Gu mailari eustearekin konforme izango gara, eta zerbait gehiago lortzen badugu, sekulako saria izango litzateke», gaineratu du Merinek.

Urte garrantzitsua

Avironentzat oso urte garrantzitsua da datorren hau, lehen taldeaz gain, beste hiru taldek ere lortu baitzuen mailaz igotzea, eta gazte eta kadete mailan, Frantziako Maila Nagusian daude. Bigarren taldea ere igo zen, eta haiek CFA 2 Mailan arituko dira.

Oso urte garrantzitsua izango da hau. «Lehen eta bigarren taldearen artean bi mailako aldea besterik ez dago. Bigarren taldea CFA 2 Mailan egongo da. Orain dela urte batzuk, Ipar Euskal Herriko talde bat maila horretan egotea ia ezinezkoa zen, eta gaur guk bigarren taldea dugu hor. Horrek erakusten du gauzak ongi ari garela egiten», azaldu du Avirongo presidenteak.

Liga, larunbatean hasiko dute, Beuvais taldearen zelaian jokatuko dute 20.00etatik aurrera. Neurketa zaila izango da, zuri-urdinen lehen aurkari horrek ongi ezagutzen baititu Bigarren eta Lehen Maila ere, eta haien helburu bakarra Bigarren Mailara igotzea izango da. Hala ere, zuri-urdinak ongi heldu dira Liga hasiera honetara. Hamabost egunetan taldea bilduta egon da, eta denboraldi-aurrean izan dituzten partidetan ere itxura ona eman dute. Zaleak eta taldea bera Liga hasteko irrikaz daude, nahiz eta lehen jardunaldi honek bete-betean festetan sartuta harrapatuko duen Lapurdiko hiriburua.

Zuri-urdinek iazko jokalari garrantzitsuenei eutsi egin die

Avironek aldaketa gutxi egin nahi izan ditu taldean. Iazko jokalari garrantzitsuenei eustea zen lehen helburua, eta horixe lortu dute. Labarbek bakarrik egin die ihes.

Ekartzerako garaian ere ez zuten lehen N1 Mailan egon zirenean egindako akatsa errepikatu nahi izan. «Orduan Lehen Mailan ibilitako beteranoak ekarri genituen, baina ez zen ongi atera. Orain gazteak ekarri ditugu, futbol gosez daudenak», aitortzen du Manu Merin presidenteak.

Horrela, postuz postu jokalari bana ekarri dute. Roland atzerako, Beuvais taldetik dator. Escude erdirako ekarri dute, Ajaccio taldetik, eta Seydou, Orleans taldetik aurreko posturako. Honek iaz 15 gol egin zituen. Gero, Gabarina gaztea bigarren talderako ekarri badute ere, lehen taldean titular egin da.

Taldea, ordea, ez dago itxita. Lehen mailako talde batzuekin hizketan ari dira jokalari batzuk utzita ekartzeko, baita Athleticekin ere, gauza bera egin ahal izateko. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo