Zer demontre gertatuko da?
Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea
Kaleak antzerkiz beterik dauden egun hauetan, bitxikeria batekin gogoratu naiz, eta bitxikeria polita denez, hortaz hitz egin nahi dut. Oraindik ere gogoan dut benetako agertoki batera igo nintzen lehenengo aldi hura. Egun batzuk lehenagoko urduritasunez betetako egunak, orduak, minutuak eta segundo amaigabeak nola pasatu jakin ezinik ibili nintzeneko aldi hura. Eguna iritsi zen azkenean, eta antzokian geunden taldeko kide guztiak. Agertokia, jantziak, elementuak eta gauza guztiak prest zeuden unea dut gogoan, sabel barruko zirrara, hanken dardara eta bihotzeko poza sentitu nitueneko une hura. Prestaketa denbora agortu zitzaigun, eta ordurako ez zegoen ezer egiterik. Akabo. Jauzia emateko garaia heldu zen. Amaren besoak utzi eta bakarrik ibiltzeko unea iristen denean bezala.
Oihalaren bestaldean nengoen, zirrikitutik begiratzeko gogoari eutsi nahian. Publikoaren zurrumurrua diskoteka bateko musika baino zaratatsuagoa zen eta amarekin gogoratu nintzen, bertan egongo ote zen ordurako? Baina ez nuen bere ahotsa bereizterik izan, ahots guztiak batera hizketan ari ziren eta ez zegoen zertaz ari ziren ezta bata bestearengandik bereizterik ere. Oihalaren barrualdeko argirik gabeko ingurura begiratu nuen eta guztia prest zegoela ikustean, aldagelara sartu nintzen, nire kideen epeltasunera. Urduritasuna nabaria zen. Bati ez dakit zer falta zitzaiola, besteari negargura sartu zitzaiola, besteari ezinbestekoa zitzaion zerbait etxean ahaztu zitzaiola... Aldagelak eroetxe bat zirudien. Arazoak besterik ez zeuden, soluziorik ez zuten arazo larriak. Baina ez dakit zergatik, azkenean, beti konpontzen diren arazoak besterik ez.
Publikoa antzoki barruan zegoela esan zigun antzokiko gizon batek eta hitz horiek entzun orduko, munduko mamu beltz guztiak etorri zitzaizkidan, Drakularen letaginak lepoan banitu bezala. ...Eta testua ahazten bazait? ...Eta kolpetik zer datorren ahazten bazait? Eta... Une hartan, beldurraren ahotsak sekulako abiadan harrapatu zituen nire gorputza eta ahotsa, taldeko kideen eskuak neureen gainean eta azpian sentitu nituen arte. Guztiak korroan jarri ginen, gure eskuak erdian ipini genituen, norberaren eskuek sekula elkar ukitu gabe, eta begietara begiratuz, aho betez oihukatu genuen: Kaka zaharra! Eta memento hartan, mamu beltz guztiek kolpetik alde egin zuten, eta sekulako poza, gogoa eta indarra sentitzearekin batera, jauzia emateko zirrarak bete-betean harrapatu ninduen.
Gaur egun, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, baina beti, gauza bera sentitzen dut agertokira igo aurretik. Baina ez zait niri bakarrik gertatzen, baita bizitza osoa agertokira igotzen daramatenei ere. Sekula ez baitaki batek, bertara igotzean, jauzia ematean, bidaiari ekitean, zer demontre gertatuko ote den...