GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Alexander Kluge eta ametsak urratzen dituzten poema hitsak

Filmak aukeratzeko ardura krispeta- saltzaileen esku dagoela diruri. Horrexegatik, noiz edo noiz harribitxiren batek ihes egiten die zarama artera. Oharkabean, jakina. Zail da-eta ulertzea nola demontre iritsi ote den «Trabajo ocasional de una esclava» (1973) gure zinema aretoetara. Alexander Klugeren zinemak, engaiatua eta konplexua oso, 60ko eta 70eko hamarraldietan Europa astindu zuen amets iraultzaileaz egiten du gogoeta

Iñaki LAZKANO Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Momiak, saguzar-gizonak, tximino-astronautak eta nerabetxoak gatibatzeko hainbat komedia txolin ere aurki daitezke hil honetan zineman. Inguruko hondartzak marmoken oldarkortasunez inbaditzen dituzten «bambino» harrapari eta «bambola» irtirinekin lakrikunkerietan omen dabiltza programatzaileak eta filmak aukeratzeko ardura krispeta-saltzaileen esku dagoela dirudi. Horrexegatik, noiz edo noiz harribitxiren batek ihes egiten die zarama artera. Oharkabean, jakina. Zail da-eta ulertzea nola demontre iritsi ote den «Trabajo ocasional de una esclava» (1973) filma gure zinema aretoetara. Zinez.

Alexander Kluge sortzaile polifazetikoa da aipatutako filmaren zuzendaria. Abokatua lanbidez, Theodor W. Adorno-ren lagun mina izan zen. Filosofo marxistaren bitartez ezagutu zuen, hain justu, Fritz Lang. «Metropolis» (1927) maisulanaren egilearen ondoan hasi zen zineman, eta Oberhausen-go Manifestua idatzi zuen 1962an. Zinema Aleman Berriaren aita den arren, inork gutxik du gogoan.

Klugeren zinemak, engaiatua eta konplexua oso, 60 eta 70eko hamarkadetan Europa astindu zuen amets iraultzaileaz egiten du gogoeta. Zentzu horretan, «Trabajo ocasional de una esclava» (1973) zinema horren paradigma argia da. Bere arrebak -Alexandra Kluge- seme-alabak mantentzeko abortuak egiten dituen emakume baten papera jokatzen du. Hala dirudien arren, abortua ez da filmaren ardatza. Klugek protagonistaren kontraesanetan sakontzen baitu; merkatu arauen morrontzan hezitako gizakiak abortuaren metafora bilakatuz.

Fassbinder-ek, hain kartsua izanik ere, Klugeren zinema intelektuala biziki zuen maite. «Artisten in der Zirkuskuppel: Ratlos» (1968), batik-bat. Filma, berez, artistak bere independentzia babesteko dituen zailtasunen inguruko parabola gazi-gozoa da. Zirkuko artista une jakin batean ohartzen da enpresari bihurtzean artista izateari utziko diola... baina, tamalez, kapitalista gisa soilik alda ditzake gauzak. Ipuinak pisu sinboliko ikaragarria du. Zinema Aleman Berriaren krisi sakona islatzeaz gainera, zinemagile ameslarienen patua bera ere biluzi zuelako. Paul Verlaine poetaren hitz saminak oroitarazten zizkiolako maite zuen hainbeste film hura «Querelle» (1982) apartaren egileak, apika. Egia gordinaren saudade-ak xarmatu zuelako, nonbait. Independentzia beti gure desioa den arren, dependentzia delako beti gure patua.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo