Benjamin Netanyahuk Israelgo hauteskundeak aurreratzeko eskatu du
«Niri bost axola Kadiman nor gailentzen den» esan eta gero, Israelgo oposizioko buru Benjamin Netanyahuk hauteskundeak aurreratzeko eskatu zuen. «Porrotetik porrotera joan da Olmerten Gobernua eta herriari hitza eman behar diogu», gaineratu zuen.
GARA |
Israelgo oposizioko buru Benjamin Netanyahuk (Likud eskuineko alderdikoa) egungo lehen ministro Ehud Olmert ordezkatzeko Kadima alderdian (zentro-eskuina) aukeratuko duten agintariarekin akordiorik ez duela adostuko nabarmendu zuen atzo. Egungo egoeratik ateratzeko hauteskundeak berehala egin behar direla gaineratu zuen.
«Egungo Gobernuak betebeharrak bete ditu. Niri bost axola nor izango den Kadimako burua», esan zion Netanyahuk Israelgo irrati publikoari Olmertek irailean dimitituko duela iragarri, eta hurrengo egunean. «Porrotetik porrotera joan den Gobernu honetan guztiak dira errudun. Herriari erabakitzeko eskubidea eman behar diogu, hauteskundeetara deituz», gaineratu zuen.
«Hautatzen banaute, batasuna oinarri izango duen Gobernua osatuko dut», nabarmendu zuen Netanyahuk.
Ustelkeria salaketak dituela-eta Kadimaren barnean Olmertek ordezkoa izendatzeko irailean egingo diren hauteskundeak izan ondoren lehen ministro kargua utziko duela adierazi zuen berak, asteazkenean. Kanpo Arazoetako ministro Tzipi Livini eta Garraioetakoa, Shaul Mofaz, izango dira Olmerten oinordekoa izateko lehian arituko direnak.
Kezka Ramallah-n
Aginte Palestinarreko presidente Mahmud Abbasek, berriz, Israelgo lehen ministro edonor dela ere, berarekin mintzatuko dela adierazi zuen.
Dena den, adituek nabarmendu zutenez, Olmerten dimisioak egun kolokan dagoen Annapolis prozesuaren amaiera ekar lezake. Aginte Palestinarrak honen aldeko apustua egin du buru-belarri, eta orain helmugarik gabeko bidea izan dela ikusten du.
Israelgo Armadak asteazkenean tirokatu zuen Yousef Ahmad Amira 17 urteko gaztea atzo hil zen koma egoeran egon ondoren. Legez kanpoko Harresiaren aurka Ni'lin-en egin zuten protesta batean parte hartzen ari zen Amira.