GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sega | Nazioarteko era

Lizasok eta Gabirondok dena dute jokoan azkeneko saioan

Emakumezkoetan, Marialuixa Gabirondok txapela ia segurtatuta dauka

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Euskal Herriko nazioarteko erako segak lehen txapelduna izango du bihar arratsaldean, Oiartzunen, 16.30ean hasita jokatuko baita seigarren eta azken ekinaldia. Emakumezkoetan txapelduna ia segurtatuta dagoen bitartean, gizonezkoetan dena erabakitzeko dago.

Mutiletan gauzak oso estu daude, ez lehen posturako bakarrik, baita gainerako postuetarako ere. Une honetan lehen postuan Lizaso dago, eta puntu bakar bateko aldea kentzen dio Gabirondori. Garbi dago lehen bi postuak bi horien artean egongo direla, baina txapeldun zein izango den aurrez jakitea ez da batere erraza izango.

Gaztelukoa orain arte lehen postuan egon da, lehen jardunalditik bertatik, baina pasa den astean, Asteasukoak gain hartu zion, eta orain Lizaso da ongien kokatua. Bien arteko dema ikaragarria izan da, eta bietako edozeinek eraman lezake txapela, Liga honetako onenak izan direla erakutsi baitute.

Lehen postua estu baldin badago, hirugarrena ere horrelaxe dago. Une honetan postu horretan Altzo dago 123 punturekin, baina baten aldea kentzen dio Lasari. Beraz, bi hauen artean hirugarren posturako borrokatu beharko dute, eta hor ere oso lehia polita iragartzen da.

Baina, berdinketak ez dira hor amaitzen, bosgarren posturako ere borroka handia izango baita. Orain, postu horretan Esnaola dago 112 punturekin, eta baten aldea kentzen dio Goenagari, eta hiruren aldea, berriz, Garmendiari. Bosgarren posturako ere borroka handia izatea espero da. Mutilen kasuan, behintzat, ez da emoziorik faltako azkeneko jardunaldian.

Erabakita

Emakumezkoetan ez da izan mutilek izan duten emozio bera. Marialuixa Gabirondok ia txapela segurtatuta baitauka. Orain arteko jardunaldi guztietan lehen postuan amaitu du, eta une honetan sei puntuko aldea kentzen dio Garini.

Beraz, ia ezinezkoa ematen du ezusterik gertatzea, zazpi puntuk zazpi postutako aldea esan nahi du, eta Garini ez dio balio berak irabaztea, horrekin batera Gabirondok zazpigarren postutik atzera geratu beharko baitu, eta horrek ezinezkoa ematen du. Legorretakoak bigarren postuan amaitu beharko du, nahiz eta atzetik hiru puntutara duen Mazkaiaran. Hemen ere jardunaldi baten puntu kopuru hori kentzea zailagoa ematen du. Agian emoziorik handiena laugarren posturako izango da. Olanok bi puntu kentzen baitizkio Gorostidiri, eta hor gauzak estuago egon daitezke.

Azkeneko ekinaldia, beraz, Oiartzunen izango da bihar 16.30ean hasita, eta herri inguruan izango denez, jende dezente espero da. Azkeneko saioan, gainera emozioa ere ikaragarria iragartzen da, eta hori da zaleek nahi dutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo