GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

HARRI-ZULATZEA | Euskal Herriko Liga

Jaizubiak txapela lortzeko beste urrats bat eman nahi du bere herritarren aurrean

J.L. | DONOSTIA

Harri-zulatzaileen Ligak Gipuzkoan jokatuko duen jardunaldi bakarra izango da bihar, 19.30etik aurrera Hondarribian, San Pedro pasealekuan.

Bertan, Ligan parte hartzen ari diren talde guztiak izango dira, honako hauek hain zuzen ere: Aldai Alde, Arboleda, Burdin Gazteak, Errekatxo, Gallarta, Jaizubia, Kabiezes, Trapagaran eta Txorierri. Talde bakoitzak ordu erdia izango du lanerako, eta tarte horretan ahalik eta zulorik gehien egin beharko ditu.

Jaizubiak etxean jokatuko du, eta bere zaleen babesaz baliatu behar du garaipena erdiesteko. Sailkapen nagusian lehen postuan doa, eta txapela lortzeko bidea ederki ari da egiten, eta bihar garaipena erdiesteak horretarako asko balioko dio.

Lehia, ordea, bigarren posturako dago. Trapagaran oso ongi hasi zen, eta bazirudien beraien eta Jaizubiaren artean egongo zela txapel preziatua, baina azken jardunaldietan behera egin dute, eta lehen hiru postuetan sartu ezinik dabiltza bizkaitarrak.

Kontrako bidean datorrena, berriz, Burdin Gazteak taldea da. Ortuellakoak ongi hasi ziren, baina gero beherakada nabarmena izan zuten, baina azkeneko hiru jardunaldietan gorantz egin dute. Azkeneko hiru jardunaldietatik bi irabazi eta bestean bigarren amaitu dute, eta une honetan sasoi onean daude.

Beraz, eta azkeneko emaitzak ikusita, badirudi Hondarribiko saioa irabazteko faborito nagusiak Jaizubia eta Burdin Gazteak izan daitezkeela. Azkenaldian, indartsuenak beraiek dira, behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo