Trainerutan, emakumezkoak gizonezkoen pare
Lehendabizikoz historian, atzo emakumeek Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu zuten Lekeition. Tradizioz gizonezkoena izan den kirol latz honetan, emakumeek tokirik badutela erakutsi zuten atzo Zumaia-Getaria, Hondarribia eta Tolosaldea taldeetako emakumeek.
Nolanahi ere, parekotasun hori ez litzateke erabatekoa gizonezkoen traineru lehiaketetan azkenaldian ohiko bihurtu diren istiluak emakumeen lehian izango ez balira. Behingoagatik esan daiteke oraingo honetan parekotasuna benetakoa izan dela. Alegia, ez da soilik emakumezkoak gizonezkoen pare jokatu dutela txapelketa, lehen mailako txapelketa, baizik eta, gainera, gizonezkoen norgehiagoketan ohikoak diren katramilak ere izan dituztela. Hondarribik irabazi zuen txapelketa, helmugara Zumaia-Getariaren aurretik bi segundoko aldearekin sartuta. Baina epaileek ziabogetako bat gaizki kokatua zegoela onartu behar izan zuten eta lehiaketa baliogabetu zuten. Hartara, emakumezkoen Euskadiko Traineru Txapelketa irabazteko berriro lehiatu beharko dira talde horiek. Jakina, Hondarribiko neskentzat eta herri hartako zaleentzat berdintasunaren ikuspuntu hau ez da ez lasaigarria, ez barre egitekoa izango. Baina guztiek onartuko dute zailtasunok txiki geratzen direla honaino heltzeko egin behar izan duten esfortzu handiaren aldean.