KRITIKA | Musika
Manu Chaok dantzan jarri zituen zapi gorriak Baionan
Koldo OTAMENDI
Soinean jantzi zuria eta lepoan zapi gorria, milaka lagunek gozatu ahal izan zuten Manu Chaok eta bere taldeak Baionan eskainiko dituen bi kontzertuetatik lehenengoaz. Besten usaina nabaria zen zezen plazara gerturatu zen ikusleen artean, eta jai giroan igaro ziren emanaldiak iraun zituen ia hiru orduak.
Arratseko zortzi eta erdiak jota zirenean, Le Phaze hiruko taldea giroa berotzen zebilen zezen plazan. Jadanik aretoa beteta, ikusle gehienak zuriz jantziak ziren, zapi gorria lepoan zutela. Egun argi oraindik, ikusgarria zen zezen-plazaren itxura. Berrogeita bost minutuz aritu ziren taula gainean Le Phazeko kideek eta erantzun bikaina jaso zuten ikusleen aldetik. Soilik bateriaz, gitarraz eta teklatuaz osatuta egon arren, zuzeneko indartsua eta ikusgarria dute.
Bederatzi eta erdiak jo bezain pronto hasi ziren bozgorailuetatik Manu Chaoren aurrez grabaturiko ohiko doinu eta ahotsak entzuten. Manu Chao «La Radiolina» disko berria aurkeztera gerturatu zen Baionara; hori zen kontzertua eta «TombolaTour» izenez bataiatu duen kontzertu biraren funtsa. Hasiera batean kontzertu bakarra eskaini behar bazuen ere, bigarren kontzertu bat egitea beharrezko jo zuten antolatzaileek, emanaldiaz gozatu nahi zuen jende andana ikusirik. Sarrerak orain dela bi hilabete salduak, 5.000 lagun izan ziren emanaldian izan zirenak.
Zazpikote moduan taularatu zen Manu Chao. Mano Negra desegin eta bakarkako bideari ekin zionean, Radio Bemba Sound System izenarekin taularatu izan da talde lanean. Musikarien artean, azken urteotan bere ondoan ibilitako musikariak topatu genituen, bai eta Mano Negrako urte aztoratuetan jardun zuten zenbait lagun. Horrela, Garbancito perkusioan, Gambeat baxu-jotzaile moduan, Majihd gitarra-jotzaile (elektrikoa eta akustikoa tartekatu zituen kontzertu osoan zehar) eta bateria eta tronpeta batek osatu zuten Radio Bemba Sound System asteazken gaueko emanaldian. Ia kontzertu osoa gitarra soinean zuelarik agertu zen Chao; alta, emanaldia azken txanpan sartua zenean, gitarra albo batera utzi eta agertokian batetik bestera saltoka ibili zen mikrofonoa eskuan zuelarik.
Komunikatzaile itzela dugu Manu. Etengabe saiatu zen ikusleekin bat egiten, eta ugariak izan ziren konplizitate bila eginiko galderak eta abesturiko ereserkiak. Ez zitzaion zaila egin hori, kontzertua abiatu eta lehen gitarra akordetik musikarien doinuek Baionako zezen plaza erabat bereganatu baitzuten. Mexikoko EZLN gogoan izan zuen eta Sarkozyrentzat ere hitz batzuk izan zituen, ikusleen txalo zaparrada artean. Ukabila zutunik izan zuen Manuk kontzertuko une askotan.
Kontzertua abiatzerako, teklatutik zintzilik ikurrina ikusi ahal izan genuen. Jendearen artean ere baziren beste batzuk eta euskal presoen etxeratzearen aldeko oihalak ere presente ziren. Kontzertuaren azken txanpan sartuta jada, ikusleek jaurtiriko ikurrina esku artean hartu zuen Manuk eta kontzertua amaitu arte soinean eraman zuen. Manuk euskaraz Baionako jendea agurtu zuen une ugari izan ziren. Ez da harritzekoa. Ederki sustraituak ditu gure herri txikiarekiko loturak eta hagitz ongi daki Baionara gerturatzen denean Euskal Herrian dela.
Bere musika ibilbide osoari errepaso egin zion Manuk Baionako kontzertuan. Urtebete pasatxo da «La radiolina» diskoak argia ikusi zuela eta geroztik, kontzertu biran murgildurik dago Chao. Printzipioz, bira berri bat egiteko aitzakia dugu disko berri hau, baino zuzeneko emanaldian, Manu Chaoren musika ibilbideari errepasoa egiten zaio Mano Negrako garaietatik hasi eta bere izenpean sinaturiko azken disko honetaraino. Ez ziren falta izan berez, «Clandestino», «Casa Babylon», «Mala Vida», «Desaparecido», «Machine gun» edo azken diskoko «Rainin In Paradize» edo «La Vida Tombola». Hala eta guztiz ere, eta kontzertuetan egin ohi duen moduan, abestiak moldatuak izan ziren, beti ere hasierako esentziari eutsiz, baina era berean moldaketa berriak eginez.
Hiru ordu luze iraun zuen kontzertuak, Manuk eta bere taldeak argi utzi zuten taula gainean tsunami arriskutsua direla. Hots, lehendabiziko bateria kolpetik, bereganatu eta irensten zaituen musika koktelera ausarta.
Artista: Manu Chao Radio Bemba Sound System.
Ikus-entzuleak: 5.000 lagun inguru.
Lekua eta eguna: Baionako zezen-plaza, 08-07.30.