Berezkoak
Binakako txapeldunek Masterra ere eskura dute
Ibarrolak eta Ozafrainek lan asko egin behar izan zuten Etxeberri eta Waltari menperatzeko, baina igande eguerdiko finala jokatzeko moduan dira
Jon LEUNDA | BAIONA
Masterra lehengo usadio zaharrera jokatuko zela jakin zenean, 50era, alegia, askok zalantzak izan zituzten, baina pilotariak eurak arduratu ziren atzo hori uxatzen, eta partida bikaina egin zuten. Hori bai, agian luze samar gertatu zitzaien, ez baitaude horretara ohituta, eta Waltarik giharretako arazoekin amaitu zuen.
Lehen finalerdia ezin hobea izan zen. Binakako txapeldunen alde atera zen dirua, Ibarrolaren eta Ozafrainen alde, alegia, eta beraiek azkar aitzineratu ziren, eta alde dezentea ere izan zuten. Lehen berdinketa, ordea, 27-27koa izan zen, eta hortik aurrera gauzak oso estu joan ziren amaierara bitartean. Bukaeran, bi gauzek erabaki zuten finala. Alde batetik sakeek, izan ere Ibarrolak hiru gehiago sartu zituen, eta horrelako partidetan garrantzi handia izaten dute, eta bestetik, Waltariren arazoek, izan ere, azkeneko tantoetan giharretako arazoekin aritu zen, eta ezin izan zuen berea egin.
Amaieran Binakako txapeldunek lortu zuten garaipena, eta Masterra ere irabazteko prest agertzen dira. Lehen urratsa eman dute, eta bigarrena igande eguerdian eman beharko dute, orduan baita finala.