Demokrazia eza salatuz eta presoak gogoan hasiko dira gaur jaiak Etxarri Aranatzen
Amnistiaren Egunarekin hasiko dituzte gaur Etxarri Aranazko jaiak, urtero ohi duten moduan. Horrekin batera, «Etxarrin demokrazia 0» leloa ere nabarmenduko da, azken bi urteotan ez baita errespetatu herritarrek bozkatutakoa, egun NaBai-ren esku baitago herri horretako Udala.
Jasone MITXELTORENA |
Etxarri Aranazko bestak gaur hasten dira, aurreko urteetan bezala, Amnistiaren Aldeko Egunarekin. Goizean futbito txapelketako finalak jokatuko dituzte, 11.00etatik aitzinera, eta 12.45ean izango da lehendabiziko ekitaldia, herrian azken bi urteotan jasan duten salbuespen egoera salatzeko, hain zuzen.
Etxarriarrek bozkatutakoari muzin eginez, NaBai dago Udalean agintzen, eta beste egitarau bat antolatu du jai hauetarako. Halere, herri mugimenduak bere aurreko urteetako dinamikari segituz, «jaiak eta borroka» uztartzen dituen egitarauari eutsi egin dio.
«Etxarrin, Demokrazia 0» lelopean egingo dute kontzentrazioa, salbuespen egoera hori salatuz, 13.00etan udaletxetik botako duten txupinazoarekin batera. Ondotik, ohiko egitarauari jarraiki, errepresaliatuen aldeko herri bazkaria egingo dute. Arratsaldean mobilizazioak izango dira berriz: amnistiaren aldeko mugimenduaren ekitaldia izango da 18.00etan, eta 19.00etan, berriz ere plazan bilduko dira «Demokrazia 0» lelopean. 20.00etan, aldiz, manifestazioa egingo dute herrian, «Gaixorik dauden presoak etxera, Bautista etxia» aldarrikatuz, etxarriarra den Bautista Barandalla bereziki gogoan hartuta.
Herri mugimenduaren karpa
Udaletxe plazaren ondoan karpa bat jarriko dute, iaz egin bezala. 100 lagunentzako otorduak emateko prestatu dute, eta afalondoak girotuko dira: Gaur Oskar Estangaren saioa eta herrikoak diren Alkaloide eta Konsekuenzias taldeen kontzertuak izango dira.
Bihar gosaria eta afaria egingo dituzte bertan, eta gauerdian Fermin Balentziak kantaldia egingo du karpan. Astelehenean bazkaria eta afaria eskainiko dituzte; 23.00etan, «Iparraldeko lagunekin» kantuan arituko dira, eta Kaotiko-ren kontzertuaren ondotik, karaoke saioak emango dio segida. Hurrengo egunetan afariak izango dira; asteartean Luziano Show-a eta Stupenda Jones sakandarren eta Karatekas iruindarren kontzertuen txanda izango da. Asteazkenean, Xabier Silveira eta Iker Zubeldia bertsotan lehiatuko dira eta ostegunean Anje Duhaldek kantatuko du.
AHTren kontrako borrokak indar handia du Sakanan, eta horren eguna ospatuko dute bihar Etxarriko jaietan. Informazio guneak jarri, eta 20.00etan elkarretaratzea egingo dute plazan, «AHT Gelditu! Sakana bizirik!» aldarrikatuz. Gero, saiheski jana egingo dute, eta 23.00etan, gaztetxean kontzertuak eskainiko dituzte Sarkor (Gernika) eta Txato Plato (Markina) taldeek.