GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Xelebrekeria ugari izaten da bestetan, eta berdin izanen da aurtengo honetan»

p020_f03.jpg

Julen ZELAIETA Berako jaietako aurtengo txupineroa

Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi duen lehenbiziko beratarra da Julen Zelaieta. Ongi gogoan du oraindik martxoaren 15a: desira bat bete zitzaiola sentitu zuen, garaipenagatik baino gehiago, inguruan sumatu zuen mugimenduagatik eta pozagatik. Gaur ere egun berezia izanen da mutil gazte honentzat, Kultur Batzordearen izenean txupinazoa botatzeko ohorea izanen baitu.

Hemen dira sanestebanak. Gaurtik hasita asteazkenera arte itxuraldatuta egonen da Bera; blusen kolore biziak izanen ditu, zapi gorrienak, dantzarien arropa zurienak. Txistu, gaita, trikiti, danbor eta txaranga doinuek hartuko dituzte kaleak, eta gorputz guztiak dantzaraziko dituzte.

Ohi bezala, migattuen aitzinetik lasterka ibiliko dira herritarrak zein bisitariak; kukainaren gainean orekari eusten saiatuko dira; herri bazkaria eginen dute, gaztetxean ere bertze otordu bat; Gure Txokoa dantza taldearen jaialdiarekin gozatzen ahalko da; haurrentzako kale ikuskizunak eta apar besta izanen dira; pilota partida ikusgarriak... Hamaika ekitaldi aukeran.

Bada, ordea, gauza bat horien guztien aitzinetik egin behar dena. Gaur eguerdiko hamabietan puntu-puntuan suziria jaurtiko du Julen Zelaietak udaletxeko balkoitik. 27 urteko beratar hau haur hezitzailea da. Kultur Batzordean ere badabil lanean, bertako kiderik berriena da, Bortzirietako Bertso Eskolaren ordezkaria. Ez dakigu bertsorik eskainiko dien plaza koloretsu eta betetik begira-begira izanen dituen herritarrei. Nolanahi ere, parrandan beti kantatzen dira bertsoak, eta ziur Zelaietak ez duela abesteko lagunik faltako. Astelehenean, adibidez, bertso-poteoa eginen dute ostatuz ostatu. GARAk puntu batzuk paratu dizkio pixka bat trebatu dadin.

Azaldu iezaguzu zer sentitzen duzun?

Hala puntu batean ezin da erantzun/ txupinazoa botatzen behar baitut jardun/ gero kontatuko dut zer sentitzen dugun.

Sumatzen al dituzu xinaurriak lasterka?

Bai zeren gerokoa ez da berriketa/ sumatzen ditut baina ez nago erreta/ horiek ere sumatu behar dira tarteka.

Zer behar da metxari piztuta eusteko?

Gero daukat aukera hori egiteko/ esperientzia falta dudala tarteko/ pixkat itxaron zazu hori erantzuteko.

Bertsotan bezain ona ote zara dantzan?

Hori aspaldi samar jarri dut zalantzan/ baina erakutsi nahi dut hori zertan datzan/ ta aurten dantzatzeko nago esperantzan.

Kukañaren puntara iritsi al zara?

Ez niretzako ura beti baita traba/ urak beti sortu dit halako ikara/ eta hankak lurrean hobe beharbada.

Zer botako zenuke balkoitikan beheiti?

Pentsatzen hasi eta nahiko gauza guti/ jendea beheitin eta ez ote da gaizki/ altxaferua behintzat joan bedi goiti.

Xelebrekeriarik izaten da bestetan?

Lehen ere egin dugu bertze hainbertzetan/ zeren bagoaz ongi pasatu ustetan/ ta berdin izango da aurtengo honetan.

Kontatu iezaguzu nor den San Esteban?

Ez dakit baina fama behintzat badu Beran/ santu bat izango da joan zena hegan/ bakarrik oroitzen naiz egunan bezperan.

Migattuen adarren beldur al da Julen?

Migattuen adarra zorrotz samar omen/ horregatik aurrean ez nauzu egonen/ kakatia naizela aitortu izan dut lehen.

Maider IANTZI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo