XVIII. Donostia-Donostia Klasikoa
Boulevarden gailentzeko hautagai pila Olinpiar Jokoen atarikoan
Iazkoarekin alderatuta, 14 km gehiago izango ditu gaurko lasterketak. Arkaleko igoerak tropela bakantzeko balioko du. Euskaldunek lanak izango dituzte Indurainen 1990eko balentria errepikatzeko.
Arnaitz GORRITI | DONOSTIA
Tourra amaitu berritan, txirrindularitzari dagokionez abuztuko hitzordurik garrantzitsuena izan ohi da Donostiako Klasikoa. Euskal errepideetan ez dago hainbeste txirrindulari bikain elkartzen dituen beste probarik. Alabaina, Klasikoaren XXVIII. ekitaldia Joko Olinpikoen atariko azterketa gisako bat izango da eta, hainbat parte-hartzailek Pekineko hilaren 9ko hitzordua begiz jota duenez gero, indarrak neurtzeko egokiera aproposa izango dute.
Pro Tourreko taldeek eta gonbidapen txartela baliatuz errepidean izango den Karpin Galiciak 11.00etan izango dute irteera Boulevardetik. Aurrean izango dituzte 239 kilometro egiteko, iaz baino 14 gehiago eta hautagai pila bat, irabazteko amorratzen, tartean Liquigas taldeko Leonardo Bertagnolli, 2007an, esprint estu baten ondoren Juanma Garateren aurretik helmugaratuz, garaile izan zena. Aipagarria izan zen iaz Quick Step taldeko irundarrak «etxean» irabazi ezin izan zuela-eta, zer-nolako pena hartu zuen. Izan ere, esprintari «behar baino lehen» heldu ziolako, bere «ametsetako lasterketa» irabazteke geratu zen irundarra.
Bertagnolliz eta Garatez gain, Tourrean hain ederki ibili diren Sastre, Menchov, Samuel Sanchez, Valverde eta Frank Schleck ere Gipuzkoako errepideetan barna ibiliko dira, baina horrek ez du esan nahi Tourrean izan ez direnek aukerarik ez dutenik izango. Esaterako, egungo munduko txapeldun den Paolo Bettini «kilkerra» edo 1997an Donostian garaipena lortu zuen Davide Rebellin ere gogotik saiatuko dira hain lasterketa parekatua den honetan beren buruak nabarmentzen.
Bere aldetik, Saunier Duvalen lekua beteko duen Scott taldeak ere aurreneko pedalkadak emango ditu gaur. Josean Fernandez «Matxinek» 2005ean Tino Zaballarekin lortu arrakasta errepikatu nahiko du. Euskaldunek, berriz, faboritoen zerrenda luzetik kanpo, outsider itxura dute, ezustean ihesaldia harrapatu eta aurkariak atzean uzteko helburuaz. Kontua da aspaldion bertoko txirrindulariei asko ari zaiela kostatzen beren herrian profeta izatea. 1990ean Miguel Indurain Boulevarden bakarka ihes eginda helmugaratu zenez geroztik, euskaldunek ezin izan dute garaipenik lortu.
Juanma Garatez gain, maila aparta eman zuen iaz Euskaltel-Euskadiko Mikel Astarlozak, seigarren helmugaratzea lortu baitzuen. Pasaitarrak aurten ere bere ohiko sen borrokalaria agerian jarriko du, bai Samuel Sanchezen aldeko lanean, bai bere arrakasta pertsonalaren bila. Bestetik, Euskal Herriko Itzulian erori ondoren, ikusteko dago Karpin-Galicia taldeko David Herrero bilbotarra zein sasoi puntutan dagoen. Udaberrian bezain egoki badago, aurrean ibiliko da Errekaldeko mutila.
Faltako direnen artean pasa den Tourreko maillot berdea eskuratu zuen Oscar Freire espainiarra izango da garrantzitsuena. Torrelavegako txirrindularia hotzeriak jota dago.
Borroka Jaizkibelen eta Arkalen
Donostiako Klasikoaren XVIII. ekitaldi honek Jaizkibelen izango du urteroko punturik beroena. Zortzi kilometroko aldapak tropela bakanduko du, eta zeinek irabaziko duen erabakiko ez badu ere, Boulevarden zeinek ez duen besorik altxatuko erakutsiko du.
Dena dela, Jaizkibelek ez du beste sasoi batean adina alde sortzen. Helmugatik 39 kilometrora dago lehen mailako mendate horren pankarta eta, beraz, alde txikiaz atzetik doazen taldeek aurrekoekin bat egiteko nahikoa asti izango dute.
Bestalde, aurten aurrenekoz igoko dute Arkaleko gaina. Aurreko urteetan Gurutzeko gainak lasterketan zalaparta sorrarazi du, eta bigarren mailako honako mendate honekin ere ez da gutxiagorik espero. Ia hiru kilometroko igoera da, batez beste %6,5eko maldan. Esprinterako taldea beteegi doala uste duenak hantxe izango du talde nagusitik bakantzeko modurik egokiena eta, bide batez, atzetik datozenei jazarpena eragozteko ere balioko du.
Azken urteetako emaitzei so eginda, aldapa goran eta talde txikietan ongi moldatzen diren txirrindulariek behar dute nagusi Donostian. Ikusteko dago zein hautagaik eramango duen «urrea» Pekinera.