«Arrupe, nire isiltasun hau» musikalak jesuita berpiztu zuen Loiolako basilikan
O. A. | AZPEITIA
San Inazio egunean Aita Arruperen omenezko musikala izan zen Loiolako basilikaren kanpoaldean. Gontzal Mendibilek zuzendu eta antzeztutako «Arrupe, nire isiltasun hau» ikuskizunaren bitartez jesuitaren mundura hurbildu zituen ikusleak bere bizitzako pasarteak taularatuz.
Hasieran espero zitekeenaz bestera, hiru mila pertsonentzako jarritako lekua ez zen leporaino bete. Hala ere, ikusleek -horien artean jesuita ugari- euren berotasuna agertokiraino eraman zuten ia laurehun parte-hartzaileak indarberrituz.
Kontinentez kontinente
Ikuskizunaren asmoa Arruperen bizitzari errepaso egitea bazen ezin falta zitekeen jesuitak bost kontinenteetan barna egindako igaroaldia gogorarazten zuen eszenarik.
Hala, New Yorken egon zeneko bidaia jazz doinuez girotu zuten eta eszena motza izan bazen ere, ikusleek gozatu egin zuten. Afrikara ere lekualdatu ziren eta bertako talde bat izan zen agertokian. Latinoamerikan eta Japonian izandako bizipenak ere ekarri zituzten gogora, nahiz eta honetan musikala eten egin behar izan zuten. Hasiera batean, Azpeitiko su-festak Mendibilen obra lagundu behar bazuen ere, «zapuztu» egin zuen eta suak bukatzean berriro hasi zen.
Azken orduko arazoak alde batera utzita, oro har «Aita Arruperen izpiritua ondo islatu» zutela iritzi zioten ikuskizunaz gozatzera bildutakoek.