GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Presoen egoera eta politikarien borondatea

Egunotan, Iñaki De Juana aske utziko dutela-eta, euskal preso politikoen egoerari buruzko gezurrak ugaritu egin dira komunikabide espainoletan. Aldi berean, preso hauen egoera hain denez latza eta giza eskubideen ikuspuntutik onartezina, beren senide eta lagunak egoera horren berri emateko ahalegin berezia egiten dabiltza Euskal Herrian zehar. Kanpaina honen barruan, euskal politikariak interpelatu dituzte.

Espainiar politikariak, ordea, lehendabiziko kanpainan buru-belarri dabiltza, zein baino zein. Politikari hauen artean, auzi honi dagokionean, bi talde nagusi daude: biziarteko kartzela zigorra de facto aplikatzearekin konformatzen diren horiek -PSOEkoak, batez ere- eta zigor berbera de iure ezarri nahi duten horiek -PPko guztiak, baina ezkertiar plantak egiten dituzten askotxo ere bai-. Bi talde horietan Zuzenbide katedradunak, juristak eta «demokraziaren alde» omen dauden epaileak daude.

Euskal politikarien artean, ordea, beren ideia politikoak defendatzeagatik zigor klase hori jasateko prest daudenen gutxiengo bat dago, eta aldi berean, ez zigor hori, eta ez bestelako zigorrik ere, ez jasotzearren, beren ideia politikoak albo batera uzteko prest daudenak. Nolanahi ere, zer pasako zaie burutik presoen senideek ematen dizkieten esku-orrietan Parlamentuan kide izan dituztenen aurpegiak ikustean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo