«Muturreko ideologien» aurkako gerra estrategia «berria» iragarri dute AEBek
Amerikako Estatu Batuek (AEB) azken urteetan jarraitu duten gerren eskema aldatuko du Pentagonoak, atzo kaleratutako dokumentuaren arabera. «Terrorismoa» borrokatzeko dei egin die bere aliatuei eta, aldi berean, Txinako eta Errusiako hainbat programa kritikatzen ditu.
GARA |
Pentagonoak atzo kaleratutako txostenak hurrengo urteetan Amerikako Estatu Batuek (AEB) jarraituko duten gerra estrategia zehazten du. Bertan, AEBen jomuga «muturreko ideologiak eta mugimenduak» izango direla azpimarratzen da, «Errusiaren eta Txinaren aurkako ohiko gerra bilatu beharrean».
«Defentsa nazionalerako estrategia» izenburua duen agiriak «gaur egungo sistema irauli nahi duten mugimendu bortitzen aurkako borroka globala» iragartzen du. Modu honetan, erasoak «bereiztuagoak» izango direla nabarmendu du Pentagonoak, «terrorismoa desagerraraztea» izango baitute helburu. Hori bai, erasoek gehiago iraungo dutela ere esaten du Robert Gates AEBetako Defentsa idazkariak onartutako txostenak.
Helburu horiek lortzeko, Pentagonoak bere «aliatuen» lankidetza eskatu du, «muturreko ideologietako militanteek ezkutatzeko lekurik izan ez dezaten». Dokumentu honek Iraken eta Afganistanen erabilitako estrategietan aldaketak ekar ditzake, baina jada AEBetako hainbat militar kontra agertu dira.
Txina eta Errusia, «arriskutsu»
Pentagonoak argi uzten du txostenean AEBek «terrorismoaren aurkako gerra» mundu osoan zabaltzeko xedea dutela. Horrez gain, txostenaren egileek Errusiak eta Txinak martxan dituzten zenbait programa «kezkagarriak» direla ohartarazi zuten.
«Errusiak demokraziari eta irekierari dagokionez, atzera egin du, eta horrek AEBen segurtasunean ondorio garrantzitsuak izan ditzake», dio Pentagonoaren idatziak. Gainera, Errusiak bere auzokideak izutzen dituela salatu dute bertan, «petrolio etekinak» lortzeko asmoz. Txinari ere mehatxu egiten dio txostenak, AEBek «bere ahalmena etengabe hobetzen jarraituko dutelako, behar izatekotan Txinari erantzuteko». Pekinek bere indar militarra handitu duela ere ohartarazten du Pentagonoak.
Nolanahi ere, ondorengoa gaineratzen du testuak: «Bi herrialde hauekin elkarkidetza bultzatzeko prest gaude, herrialde horiek ez baititugu mehatxu gisa hartzen.
Pentagonoak onartutako txostenean «terrorismoa» mundu osoan borrokatzeko asmoa berretsi dute AEBek. Baina borroka hori «bereiztuagoa eta epe luzekoa» izango dela nabarmendu dute egileek.