GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Dultzaina doinuek eta erraldoiek iratzarri zituzten baionesak

Erraldoiek eta laguntzen zituzten gaiteroen doinuek zabaldu zuten atzoko eguna, tradiziozkoa den goizetako dianekin. Eta, usu gertatzen den gisan, herenegungo egia ez zen atzokoa izan. Osteguneko bero jasanezina eta Haurren Egunaren kontrapuntua izan zen aste barruko azkena; izan ere, ostiralak langar pixka bat ekarri zion Zaharren Eguna izan zen atzokoari. Eguraldiaren baretasuna baliatu zuten anitzek bigantxen arratsaldeko erronkari ahal bezala ekiteko.

p021_f01.jpg

Xabi HERNANDEZ |

Goizaldeko ohiko freskotasuna nabari zen lehenengo orduetan Baionako karriketan, oraindik eguna hasteko ordu erdi eskas falta zenean. Atzean geratu ziren dezibelioak, jendearen metaketa eta sargoriari pilaketaren ondorioz korapilatzen zaion izerdiaren sentsazio ezaguna. Errobiren bi ertzetako ostatuetan langileak erritmo onean ari ziren tenore horretarako, dena uholde berrirako prestatzen.

Puntualtasuna da normalki besta hauetako ezaugarrietako bat eta, horrela, 10:00etan ttanko hasi ziren jotzaileak, ostalarien antzeratsu, dultzainen doinu sendo bezain goxoari era- giten. Minutu gutiren buruan, Baiona Handiko karrikak dianen melodiek hartu zituzten, egunari ofizialki hasteko baimena emanez. Gaitari hirukote anitz bertaratu ziren, dozena bat erraldoik horiek laguntzeko ardura zuten. Bereziki lapurtarrak ziren, nahiz eta Tolosako hirukote bat animatu zen.

Leon Erregearen gortea

Sei erraldoik eta, aipatu legez, dozena bat gaitarik haien artean sakabanatuta osatu zuten Errege Leon bestetako pertsonaiaren gortea, gibelean txistulari talde bat zihoalarik. Gortearen segida txokolategileak, etxekoandreak, bufoiak, soldaduak, damak eta medikuak osatzen zuten. Abiatzea 10:00etan egin zuten, dianako beste ekimen baten gisa. Jaques-Portes plazatik irten eta alde zaharreko bazterrak zeharkatu zituzten, bals eta kalejira doinuen erritmora.

Hamaiketarako bost bat minutu eskas zirelarik, mokadua hartzeko unea iritsi zitzaien, indarrak lehengoratu eta zintzurra apur bat bustitzeko, herriko etxerantz partitu aitzin. Eta, desfileak jarraitu zuen ez publiko askoren artean. Tarteka goiz altxatutakoak zein gaupasa ederra egindakoren bat terrazetan gosaltzen antzematen zen, profitatzera bertaratutako guraso eta haurren artean.

Eguerdirako eguraldiak zertxobait epeldu zuen, baina euri langarrak jarraitu zuen arratsaldera arte. Behin herriko etxean, zain zeuden goizero moduan haur andana bat, Errege Leonen iratzartzea ikusteko zain. Gaitari eta erraldoien gortea arribatu orduko, ezkilek ordua markatu zuten Agur Jaunak kantaren doinura, eta orduantxe azaldu zen Tontoen Errege ohia, eta guztiak algaraka hartu zuten. Kantuz eta oihuz errezibitu zuten hura.

Hitzordua berehala finitu eta, biharamunerako geratu ondoren, denen aurpegietan bazkaltzeko gogoa hasten zen igartzen. Ogitartekoak batzuek eta jatetxeetan esertzea, aldiz, beste zenbaitek hautatutakoa.

Mahaiaren inguruan bildu ziren nagusienak haien eguna izan zena ospatzeko, baina hirigunetik urrutitxo, halere. Caradoceko gazteluko lorategietan ezarri zuten karpa, ia 700 lagunentzat, baiones eta iruindarren artean.

Txaranga eta joten konpainian hantze geratu ziren iluntzera arte dantzan eta kontu kontari, jai giro ederrean. Geroxeago, aitortu zigutenez, beraientzat «konpartitzeko eguna» izan zen atzokoa.

IruindArrak

Aspaldidanik daude anaituak Lapurdiko hiriburua eta Iruñea. Bestetan hainbat ekimen egiten dituzte nafarrei protagonismoa eskaini nahian. Atzo, 80 bat erretiratu iruindar hurbildu ziren Nagusien Egunean parte hartzeko.

ostatuak

Euskal giroa ez da karriketan soilik aurkitzen ahal, ostatuak ere berezko eszena baitira horretan. Baiona Ttipiko zenbaitetan bat egin zuten giro onak eta konpromisoaren aldeko mezuek eta lanak, independentziaren aldarria, esaterako.

Arratsalderako, Baionako bihotza zezen-plaza bihurtuta

Bigantxak izan ziren jardunaldiko hitzordu garrantzitsuena, erraldoi eta gaiteroekin batera. Saioa 17:30erako aurreikusia zuten, baina goizerako jada hiriko erdigunean den Paul-Bert plaza hesiz inguratu zuten, eta zerrautsez estalita utzi ere bai.

Publikoak behar bezala erantzun zien aurreikuspenei, ehunka lagun bertaratu baitziren era batean edo bestean parte hartzeko asmoarekin. Jende gehien elkartu zuen ekimena izan zen arren, erritmo geldoan joan zen, eta bukaerarako jendeak interesa galdu zuen. Izan ere, barruan ikusleak baino pertsona gehiago egon zen, eta aldi bakoitzeko bigantxa bakarra askatzen zuten. Mathieu Saint Laurence parte hartu zuen baionarrak adierazi zuenez, «domaia da bigantxa bakarra soilik izatea horrenbeste jendearentzat». Dena den, urtero sartzen zela esan zuen, gehitu zuen bezala, «ni baionesa naiz eta betidanik maite izan dut».

Gehiegikeriak eta, Saint Laurencek zioenez, «kanpokoen ezjakintasunak» susto eta arinki zauritutakoren bat utzi zuten, ezer garrantzizkorik ez, hau da,«Iruñeko zezen-plazan sanferminetan gertatzen den moduan». X. H.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo