EAJk, EAk eta EBk Madrildik datorren jazarpen politikoarekin bat egin dute
Eehen lerroan zeuden hogei bat kazetari alde batera utzita, berrogeita hamar lagun biltzera ere ez zen iritsi Donostiako Alderdi Ederren, atzo, Udalak Iñaki de Juanaren aurka deitu zuen ekimena. Salbuespenezko auzitegi espainolak donostiarrari egotzi zizkion hogeita bost heriotzak omentzeko aitzakian, EAJk, EAk eta EBk, lore eskaintzarekin, jazarpen politikoarekin bat egin dute.
Gari MUJIKA
Odon Elorzaren hitzetan, «heldutasun demokratikoa duen ekimen publikoa» izan zen atzo eguerdian hogeita bost arrosa «terrorismoaren biktimak» gogoratzen dituen eskulturaren aurrean jarri izana. Bertan ez da, ordea, «guda zikinak», besteren artean, hil zuen Tomas Alba HBko zinegotzia oroitzeko lekurik.
Azken egunetan gero eta handiagoa bilakatzen ari diren olatu mediatiko eta politikora igo ziren Donostiako udal talde ia guztiak. Aralarreko zinegotzia ez zen agertu eta bere desadostasuna azaldu zuen. Bai, ordea, koaliziokide duen EB, eta baita EAJ eta EA ere. Hori, nahiz eta goizeko lehen orduan alderdi jeltzaleko presidente Joseba Egibarrek, irratian, De Juanaren aurka bultzatu duten jazarpen mediatikoa kritikatu.
«Jarrera moralean aldaketa»
«Etsigarria da De Juana omentzen jende gehiago ikustea, bere biktimen omenaldian baino», deitoratu zuen Dignidad y Justicia elkarte espainoleko Sonsoles Arroyok herenegun, larunba- tean bertan Alderdi Ederren egin zuten elkarretaratzean bildu zuten sostengu urriari buruz hitz egitean. Orduan, 50 lagun inguru elkartu ziren; atzo, aldiz, hori ere ez, nahiz eta irratiak eta telebistak goizetik ekimenaren berri ematen aritu.
Gorka Landaburu kazetaria eta Barbara Durkhop PSOEko europarlamentaria ere bertan izan ziren, baita hamarka lagun gehiago ere. Sei minutu eskas iraun zituen ekimenak; bakarra, lore eskaintzak, beste bat isiluneak eta hurrengo lauak, adierazpenak egiteko erabili zituzten. Alkateak jarrera morala aldatzeko eta biktimei aitortza egiteko eskatu zion De Juanari.
PPko Maria Usandizagak, zuzenean hiritar «non grato» izendatzeko proposamena egin du. EAJk, EAk eta EBk ere errepresaliatuari exijentziak besterik ez zizkioten egin; alta, bi hamarkada baino gehiago daramatzate «biktima» horiek hilik, baina atzo arte ez zitzaien otu halako lore eskaintzarik egitea.