GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Hitza atxiki

Berri jarioa ekarri du hogei urte luze kartzelan igaro ondoren askatasuna berreskuratu berri duen Iñaki De Juanaren aferak. Euskal Herritik urrun antolaturiko jazarpen honen aurrean bere kezka agertu dute Lakuako gobernuko hainbat ordezkarik. Hala ere, preso ohi batek, eta berarekin batera bere gertukoek, jazotako mehatxuek eta irainek ez dituzte beste bortizkeria ekimenek merezi duten ahobatezko adierazpen irmoak eragin. Ezta Barne Saileko berehalako erantzuna ere, are gutxiago fiskaltzaren presazko erabakia, adibidez familiaren pribatutasuna babesteko. Astero, hilero, urte luzez presoen lagunek bere senideen egoera larriaz ohartarazteko egin izan dituzten agerraldiek ez dute, ordea, hitz-erdi merezi. Alta, De Juana kasuaren karira egin duten zalaparta kanpainak ez ote du aukera paregabea ematen hitza atxikitzeko, guztien eskubideen kontra doan amaigabeko gehiegikeria amaitu behar dela aldarrikatzeko?

Giza eskubideen aldeko engaiamendua alderdi guztien programetan agertzen da, eta konpromiso hori babesteko xedea duten elkarte eta erakunde ugari dira gure artean. Izan ere, hitz gutxi entzun ditugu azken egunotan denboraren poderioz giza eskubideen defentsan profesionalak bilakatu diren hiritar horien ahoetatik. Behin baino gehiagotan albokoari eskubideen defentsan ezin dela bereizketarik egin ohartarazte dieten horiek beherapenetatik zuzen-zuzenean oporretara igaro direla pentsatzeko aski arrazoi eman dute.

Giza eskubide guztien babesleek hutsune handia erakutsi dute azken erasoaldi honen aurrean, eta hamaika fundazio, elkarte, eta ekimenen ohiko sponsor publiko batzuek ere argiki erakutsi dute non bukatzen den beren konpromisoa. Finean, «hitzek ez dute hiltzen» sinesten dutenen artean ere esaldi iheskor eta baldintzaz beteriko salaketa apalak nagusi.

Isiltasunak hitzak baino argigarriagoak dira sarritan. Azken gertakizunen aurrean entzundako isiltasunek agerian utzi dute giza eskubide guztien defentsaren izenean aritzea munduko lanik zailena dela. Bereziki, gutxieneko irudi kaltea ere ordaintzeko prest ez gaudenean. Alta, pertsona baten bidez herritar multzo oso bat isilarazteko gerra zikinaren aurrean aukera gutxi geratzen da. Eta hitza atxikitzea da oinarrizkoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo