GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Bortizkeria sinbolikoa ere bai

Gorpuzkia ez dugu aurkitu, bahitu egin dute; Popori justizia egin diezaiotela eskatuko dugu lortu arte. Politika egiten jarraitu behar da mespretxu guztien gainetik, baina galdera bera eginen da abertzaleen artetik, non da Popo?

Hogeita bost urte Popo desagertu zela, hogeita bost urte sekretua gordetzen dutela. Estatu frantsesa sekretuak gordetzen ikasia da, oinarria da eta estatuko arrazoiak arma hori ere erabiltzen badaki. Zer gertatu zen ez jakitea familiarentzat oso bortitza, bere burukideentzat, euskaldunentzat justizia ezaren erakustaldia. Gorpuzkia geratzen da erdian edozein hitz bota baino lehen. Militantearen bizia lapurtua izan da, Iparretarrak taldearen ekintza guztiak epaituak izan dira, militanteek urte anitz iragan dituzte Estatu frantsesaren presondegietan, zorrak baldin baziren ordainduak izan dira. Estatu frantsesak ez du duintasunik, maltzurkeria, basakeria da igortzen duen mezua. Gatazka dagoelarik alde bakoitzak armak uzten ditu, Estatu frantsesak ez ditu armak pausatu, Poporen desagertzearen bitartez dolua debekatzen du, ezin jasana dena lege bihurtzen du. Urrats horri Bourdieuk «bortizkeria sinbolikoa» eman dio izena. Erreala da, ondorio zuzenak ditu gatazkan, eragina du beste edozein armaren gisan. Hau da estatuak egiten duen parioa, gatazkak jarraitzen duela erran nahi digu, militante bat bahitu digula betiko... Gorpuzkia ez dugu aurkitu, bahitu dute, Popori justizia egin diezaiotela eskatuko dugu lortu arte. Politika egiten jarraitu behar da mespretxu guztien gainetik, baina galdera bera eginen da abertzaleen artetik, non da Popo?

Gatazkak jarraitzen du, etengabe. Aste honetan, Baionako besten karietara, kasualitatez eremu abertzaleek Poliziaren erasoa jasan behar izan dute. Polizia ez da sekula soberan abertzaleen kontra aritzeko. Biktimismoa egiten omen dugu! Diskurtsoen manipulazioak altuera izugarrietara heldu dira. Iruñeko auzapezaren presentziak Baionan ideia maltzurra eman ziokeen Baionako auzapez diputatuari...

Ostrazismoa erraten diote euskaraz bizitzea eskatzeari, Euskal Herrian eskola guztietan euskaraz ikastearen eskakizunari, liburuen ferietan euskaldunek edo katalanek herrialdeko hizkuntzan idazten duten idazleak ekartzeari, hizkuntza nagusian idazten duten idazleen ekartzea estatu nagusiaren eskuetan uzteagatik. Politika erregionalistari muga bat ezarri behar litzaiokeela ere aipatzen dute, nortasunaren muga non kokatu behar den galdetzen dute. Konstituzio frantsesaren erreberritzeak ez badu deus berririk ekarri mamu zahar batzuk berpiztu ditu. XVI. mendean hizkuntzen aurka hasitako erasoaldiak pil-pilean segitzen du. Noski Mistralek Literatura Nobel Saria lortu zuela ahantzi dukete Parlamentu eta Senatu frantsesean, nahiko lasai bizi ziren frantsesari eman zioten nagusitasunarekin. Kexu bukatu dute hizkuntza gutxituak estatuko ondare bihurtzeagatik. Ez dira herri bakoitzari bere hizkuntzan erakusteko eskubidearen ezagutzeko bezperan, ezta hizkuntza horien ofizialtasuna aipatzeko ere. Bortizkeria sinbolikoa ere oso naturalki daramate agintearen logikan daudenek, hau da frantses ordezkariek egiten duten politika, munduko demokratenak direla iritziz, zapalkuntza modernoa gauzatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo