GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Zarauzko Santa Maria la Real aztarnategiko aurkikuntza

Kostaldea, burdin arotik gune turistiko

Burdin Arotik erromatarren garaira, eta hortik Erdi Arora; mendeetako historia biltzen dute Gipuzkoako kostaldeko aztarnategiek. Zarautzek, Zumaiak eta Getariak denboran atzera egitera gonbidatzen dute tunelean barneratzen ausartzen dena.

p08_f01_141x92.jpg

Odeia AIESTARAN

Orain gutxi arte kontrakoa pentsatzen bazen ere, azken urteotan egindako aurkikuntzek hankaz gora jarri dute mitoa; Zarauztik Getariarainoko kostalde guztian izan baikenituen duela bi mila bat urte erromatarrak. Horren erakusle da garaiko izkribuek Menosca eremua Ernio mendia eta Oria eta Urola ibaiek osatzen duten triangeluan kokatzen dutela; izen horrekin, hain zuzen ere, deitu zioten erromatarrek inguru horri.

Altxorrek ziurtatzen dute Gipuzkoako kostaldea historiako hainbat aroren testigu izan dela. Okupazio protohistorikoarekin lotutako hondakinak ezagutzeko eta neurtzeko helburuarekin azken urteetan egindako indusketek Gipuzkoan Burdin Arotik hasita, erromatarren garaian segi eta Erdi Aroa arte presentzia egon zela argitu dute. Kostaldea, beraz, hiru aroetako bizidunen gustuko tokia izan da. Burdin Aroa igaro ondoren, erromatarrak izan ziren Gipuzkoan, eta segidan ailegatu zen Erdi Aroa. Denek utzi zituzten arrastoak. Erdi Arokoek erromatarren gainean eta horiek Burdin Arokoen gainean. Eta horrela aurkitu dira; utzi zituzten bezalaxe. Zarautz, Zumaia eta Getaria, besteak beste, garaiko bizimoduen testigu izan ziren.

Horrela, Erdi Aroko eremua gailendu, erromatar garaitik igaro eta Burdin Arora ailegatu dira Santa Maria la Real Zarauzko arkeologi monumentu multzoan; Zestoako Amalda kobazuloan Erdi Paleolitoko aztarnak diraute; Burdin Arokoen antzeko zeramika zatiak, berriz, Zumaiako Urtiaga Zahar eremuan atzeman dituzte; Getariako Salbatore elizaren azpian Erdi Aroko aztarnak eta Urezberoetako Kanposantu Zaharrean erromatarren zantzuak. Gipuzkoako historia ezagutzera murgiltzen gaituen zerrenda amaigabea da dudarik gabe. Gainera, urtetik urtera egindako indusketek berri gehiago ekartzen dituztela kontuan hartuta, ezagutza horrek luze jo dezakeela dirudi.

Zarauzko Santa Maria la Real aztarnategian VI. kanpaina bukatu berri dute Aranzadi elkartekoek, eta bertako aurkikuntzek herria «mundu historikoan» kokatzen dute. Alex Ibañez, indusketako zuzendariak aipatu bezala, erromatarren garaian Gipuzkoako herria aipatzea «ezinbestekoa» izango da hemendik aurrera. Garaiko edozein informazio bilatzera joz gero erreferentzia izango duen tokia izango da. Eremuan Erdi Aroko, X-XII. mende arteko, hilobiak atzeman dituzte eta baita erromatarren garaiko etxebizitzak ere. Hala ere, garrantzi handiena izan dezakeen elementua jaioberri baten gorpua da; «modu kristauan lurperatuta ez dagoen» haur batena, hain zuzen ere. Zein garaitakoa den jakiteko datatzera bidali da, baina erromatarren garaikoa izatea espero dutela azaldu du Ibañezek. Eremua etxebizitzena bezala identifikatzea ahalbidetzen duten elementuak ere aurkitu dira: etxe tresnak, brontzezko zintzilikarioak, txanponak, animalia aztarnak, lapikoak, pitxerrak... Induskatutako zatian, beraz, bizimodua egiten zutela ondorioztatu dute. Lapikoa, pitxerrak... Induskatutako zatian, beraz, bizimodua egiten zutela ondorioztatzen dute. Aztarnategian erromanizazio garaiko elementuak ikus daitezke, hala nola, itxura laukizuzeneko gune irekia, plazatzat hartua izan dena eta eraikin publikoa izan zitekeenaren hormak. Azken hori, opus vittatum deituriko teknika jarraituz burutua izan zen.

Kostaldean barna

Erdi Aroko eta erromatarren garaiko aztarnek beraz, ez dute zalantza izpirik uzten duela hainbat mendeetan zeintzuk eta nola osatzen zuten kostaldeko mosaikoa. Baina bada gehiago. Izan ere, Burdin Aroko zantzuak daude Urtiaga Zahar deiturikoan, eta baita aipatutako Santa Maria la Realean ere. Zumaiako udal eremuan, Meagako muinotik gertu dagoen mendixka batean garaiko zeramikak aurkitu zituzten. Zarauzko eraikinean, aldiz, beste sutondo bat eta zeramika aurkitu berri dute, Ibañezen hitzetan, «herri baten presentziaz hitz egiten» diguna. Aurretik, sutondodun gela karratu batek osatzen zuen gune hori. Menosca lurraldearen bidez Gipuzkoako kostaldeko historia ezagutzeko aukera dago, orain arte Burdin Arotik hasitako historia, baina etorkizunean Brontze Arotik has daitekeena. Izan ere, Ibañezek, zaila ikusten duen arren, ez du baztertzen garai hartako aztarnak aurkitzea, orain arteko mailak egoera «oso onean» baitaude.

Kostaldeari buruz hitz egiten dugunean, mintzagai dugun eremu honetaz gain, ezin ahaz daiteke, beraz, besteak beste, Irun eta Baiona herrien sustatzaileak ere izan zitezkeela erromatarrak. Horrela, Menoscarekin batera, Lapurdum eta Oiasso guneek horien presentzia izan zutela esan daiteke. Menosca inguruaz Plinio Zaharrak eta Klaudio Ptolomeok hitz egin bazuten, Oiasso iturri klasikoei esker ezagutzen da, izan ere, Estrabon idazleak bere testuetan aipatzen zuen. Azken hamarkadetako indusketa arkeologikoek, azkenean, Irun modernoa eta antzinako Oiasso identifikatzeko bidea eman dute.

Gaur egungo bizimoduaren aitzindariak ezagutu eta misterioz beteriko mundu horretan murgildu nahi izanez gero gaur egun luxuzko herri bilakatu den Zarautz beste ikuspegi batetik begiratu eta Menoscara bidaiatzea ezinbestekoa da.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo