GARA > Idatzia > > Ekonomia

8.000 kilo legatz zaramara bota dituzte Pasaiako portuan, prezio baxua dela-eta

GARA |

Ia 8.000 kilo legatz eta merlenka zaramara bota behar izan zituzten astelehenean Pasaiako portuan, ez zegoelako Europako Batasunak (EB) ezarritako gutxieneko preziotik gora ordaintzeko prest zegoen eroslerik. Egoera hau ez da berria. Izan ere, joan den uztailean portu horretan bertan beste 18.000 kilo arrain bota ziren.

Pasaiako Arrantzaleen Kofradiako kideek adierazitakoaren arabera, astelehenean kopuru hori galtzen utzi behar izan zuten. Atzo, berriz, 15.000 kilo legatz saldu ziren, baina oso prezio baxuan saldu zela nabarmendu dute, kiloa 1,89 eta 2,10 euro artean, kalitatearen arabera.

EBk ezarritako gutxieneko prezioei dagokionez, 3,63 eurokoa da bi kilo baino gehiagoko harrapakinentzat; 2,74koa kiloa eta kilo eta erdi bitartekoentzat; eta 2,70ekoa kilo bat eta 600 gramo bitartekoentzat.

Aurtengo datuak txarrak direla frogatzeko, iazko prezioekin konparatzea besterik ez dago. Izan ere, 2007an legatz kilo bakoitzeko 3,98 euro ordaintzen ziren, batez beste. Aurten, ordea, 2,29 besterik ez; %29 gutxiago, alegia.

EBk zaramara botatako kantitateari dagokiona arrantzaleei ordaintzen dielako hartu dute erabaki hori. Kofradiako buru den Antxon Cormanek, zehaztutakoaren arabera, «arrantzaleek urtean harrapatutakoaren %5 baino ezin dute suntsitu».

Eskaintza eta eskaera

Cormanen ustez, «merkatuak eskatzen duena baino legatz gehiago dago eta hori da arazoaren gakoa» eta irtenbidea, bere iritziz, «inportazioa kontsumoaren arabera erregulatzea da».

Arrantzaleek abuztuaren amaierara arte itxarotea erabaki dute, «ea zer gertatzen den».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo