GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Zubiagak erraz eutsi dio Arabako txapelari

Jon LEUNDA | GASTEIZ

Ez zen ezusterik izan, eta Arabako aizkolarien txapela jantzi zuen atzo Jose Angel Zubiagak. Bera zen herrialdeko txapelduna, eta berriro ere gauza bera egiteko ez zuen aparteko arazorik izan.

Foruen plazako harmailen erdia bete zuen jendeak atzo Arabako finala ikusteko, eta ez dago gaizki. Harmailak eguzkitan daude, ez dago itzalik, eta egiten zuen beroa kontuan izanda ontzat eman behar batutako jendea. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 45 ontzako moztu behar izan zituen.

Finalak ez zuen emoziorik izan. Lehen bi enborretan bakarrik, hortik aurrera gauzak berehala argitu baitziren. Lehen enborra Jauregik bota zuen lehenengo, baina gainerakoak ere gainean izan zituen, Lopez izan ezik, hau hasieratik geratu baitzen atzean.

Bigarren enborrean gauzak apur bat argitu ziren, baina ez lehen posturako, pare-parean amaitu baitzuten Jauregik eta Zubiagak. Hirugarrenetik aurrera, ordea, gauzak erabat argitu ziren.

Zubiagak aldetxoa hartu zuen, eta berehala ikusi zuen Jauregik ezin ziola jarraitu. Hauen atzetik Llanos ageri zen, baina bera lehen biengandik atzera. Ruiz de Aretxabaleta eta Lopez, berriz, atzerago zeuden.

Postuak finkatuta zeudela ikusten zen, eta hala izan zen. Hortik aurrera bakoitza bere lana ahalik eta txukunen egitera joan zen eta Zubiagak besteen gainetik dagoela erakutsi zuen, aurten berriro ere txapela jantziz.

Minutu batera amaitu zuen Arkaitz Jauregik. Ilarduiakoak itxura ona eman zuen, eta datozen urteetan Zubiagak izan dezakeen aurkaririk gogorrena dela erakutsi zuen.

Ramiro Llanosek bere lana egin zuen. Bazekien lehen bi postuetan amaitzea oso zaila izango zuela, eta hirugarren postuari eusteko ez zuen arazorik izan.

Ruiz de Aretxabaleta eta Lopez atzean geratu ziren. Lehena beti aurretik izan zen, eta aldearekin, baina bosgarrenean Lopez gainera etorri zitzaion, eta bazirudien pasa ere egingo zuela; baina azkenaurreko enbor horretan epaia itxi egin zitzaion, eta ezin izan zuen Ruiz de Aretxabaleta harrapatu.

Gaur ere herri kirol jaialdia izango da Gasteizen, Foruen plazan, 12.00etatik aurrera. Bertan herrialdeko orga-joko Txapelketa izango da ikusgai. Gainera, trontzalarien erakustaldia ere egongo da bertan.

Bihar, berriz, ordu berean, herrialdeko aitzurlarien txapelketa jokatuko da lau kirolariren artean, eta ondoren mutilen zaku lasterketaren finala ere jokatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo