Iranen aurkako presioak bere horretan darrai
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kideek, Alemaniarekin batera, presio handia eragiten ari dira azken asteetan Irango Gobernuaren aurka. Presioaren helburua Iranek bere programa nuklearra etetea da. Nazioarteko herrialde garrantzitsuenek energia programa hau etenez gero Teherango gobernuari lagunduko lioketela adierazi zuten duela bi aste emandako ultimatumean. Eten ezean, ordea, zigor gehiago ezarriko dizkiotela ere iradoki zuten. Ultimatum horren epemuga amaitzear dagoenean, Ahmadinejad-en gobernuak ez du energia nuklearra produzitzeko politika alboratzeko asmorik agertu. Iranentzat «estrategikoa» omen da.
Auzi honetan Mendebaldeko herrialdeen hipokrisia argi geratzen ari da. Izan ere, une honetan energia nuklearraren aldeko kanpaina erraldoia egiten ari dira herrialde horietako enpresa nagusiak, gobernuen babes osoarekin. Erabiltzen dituzten argudioak, gainera, Iranek erabiltzen dituen berberak dira: beste energia iturrien agortzea, subiranotasun energetikoaren beharra, energia nuklearraren hobespena beste energia moten aurrean... Argudio horietatik gehienak faltsuak dira edo, gutxienez, kritikagarriak. Baina norbaiten kasuan kritikagarriak baldin badira, bai ingurumenaren kontra bai gizateriaren kontra energia hori bultzatu duten gobernuen kasuan dira.