Donostiako ekintza «egoera larriaz ohartarazteko» egin zela azaldu dute kanpaldian
Zaldibiako kanpaldian igandean Donostian egindako ekintzaren balorazioaren berri eman zuten atzo. AHTren lanak hasiak direnean «normaltasunez» segitzeari ezinezko iritziz, ekimena ohartarazletzat jo dute.
GARA |
AHTren Aurkako Asanbladak antolatutako XIII. kanpaldiaren balorazioa ezagutarazi zuten atzo Zaldibian. Joan den uztailaren 24an hasi zenetik egitarau zabala izan du ekimen honek: hitzaldiak, eztabaidak, protesta ekintzak, festak, antzerkia eta bestelako ikuskizunak... eta horien artean kokatu zuten iragan igandean Donostian egindako errepide-moztea ere.
«Hiria gelditu eta pentsatu» ekintzaren atzean dauden arrazoiak anitzak dira eta atzo sakonago azaldu zituzten. Abiadura Handiko Trena eta berekin dakarren gizarte eredua salatzeko protesta ekintza izan zen; Luku-Urbinan, Ordizian, Eskoriatzan, Aramaion, Abadiñon eta Basaurin dagoeneko lanak hasita daude, eta beraz, «AHTk ekarriko lituzkeen kalteak» abiatu dira dagoeneko. Kanpaldiko ordezkariek ohartarazi zutenez, «lur mugimendu izugarriak, zuhaitzen eta landareen triskantzak eta mendien zulaketak» eginez hasi dira lan horiek. Horrela jarraituz gero, hurrengo hilabeteetan «ehunka hektarea baso eta baserri-lur aberats, nahiz lur-azpiko urak suntsituko dituzte, eta hori oso larritzat jotzen dugu, lurra eta ura bizitzaren oinarriak baitira».
Kanpaldiko agerraldian adierazi zutenez, honen guztiaren aurrean «ez dugu uste bizitzak normaltasun osoz jarrai dezakeenik batere normalak ez diren lanak abiarazi dituztenean». Horregatik, «ekarriko lituzkeen kalteen eta bizimodu aldaketaren larritasunaz jabetzeko aukera eman nahi izan genuen. Toki guztietan barreiatzen duten hormigoiaren hiru lagin baino ez genituen ekarri Donostiara».
Desobedientzia deia
«Baliabideen agortzearekin lotutako krisi orokor batean gauden honetan AHTk dakarren energia eta diru xahutzea» ere erokeriatzat jo zuten. Aipatutakoen inguruan pentsatzeko tartea izan zen beraz Donostian hiru ordu iraun zituen ekimena. «Kalean lasaiago ibiltzeko, pentsatzeko, elkartzeko eta eztabaidatzeko aukera» eman zela adierazi zuten, eta erakutsitako pankartei zein banatutako esku-orriei esker milaka lagunek AHTren inguruan hitz egitea lortu izanaz pozik agertu ziren.
Ekintzaren izaera «zuzena, publikoa eta kolektiboa» ere goraipatu zen, desobedientzia oinarri duela eta jende kopuru handiak parte hartu zuela nabarmenduz. AHTren kontrako mugimendua sendotzeko baliogarri iritziz, bide horretatik jarraitzeko deia egin diete egitasmoa onartu nahi ez dutenei; «metropoli artifizial eta parasitoa bultzatzen duten azpiegiturei aurre egiteko», hain zuzen.