Kontxako Bandera
Emakumezkoen estropada ofizialki baieztatu dute
Iraileko bigarren asteburuan jokatuko da, larunbatean sailkapen proba eta igandean estropada erabakigarria. Gizonezkoetan, 23 ontzik eman dute izena.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Ramon Etxezarreta, Donostiako Kultura zinegotziak, aurtengo Kontxako Banderan emakumezkoen estropada ere jokatuko dela baieztatu zuen ofizialki. Arraun munduan bolo-bolo zebiltzan zurrumurruak baieztatu egin dira beraz eta, Gipuzkoako zein Euskadiko Txapelketetan irekitako bideari jarraituz, urteko estropadarik garrantzitsuenean ere emakumezkoek arraun egingo dute bere historia luzean lehenengo aldiz.
Oraindik estropadari forma ematen ari baldin badira ere, Etxezarretak pare bat bat datu iragarri zituen. Emakumezkoen lehia irailaren 13an eta 14an jokatuko da: iraileko bigarren larunbatean sailkapen estropada jokatuko litzateke eta igandean estropada erabakigarria. Proba senior mailakoa izango da -categoria absoluta aipatu zuen Etxezarretak-, nahiz eta parte-hartzaileen zerrenda ez dagoen oraindik zehaztuta.
Zurrumurruen arabera, Zumaia-Getaria, Hondarribia, Tolosaldea eta Arkote euskaldunak, Astillero kantabriarra eta Cabo galiziarra izan daitezke bertaratuko diren ontziak. Kataluniatik ontziren bat etor litekeela ere aipatu izan da, baina ez da erraza izango trainerua behar bezala osatu ahal izatea.
Gizonezkoei dagokienez, Kontxako sailkapen estropadan egoteko izen-ematea egin duten 23 arraun elkarteen izenak ere eman zituzten atzo ezagutzera. San Miguel Ligan dabiltzan hamabi taldeez gain, Kaiku, Isuntza, Pasai Donibane, Ondarroa, Trintxerpe, Astillero, Camargo, Meira, Rianxo, Nautico de Vigo eta Chapelak ere garaiz aurkeztu dute dokumentazioa.
Positiborik ez TKE Ligan
Bestalde, TKE Ligak atzo jakinarazi zuenez, San Miguel Ligako estropaden erdia baino gehiago jokatua den honetan ez da positiborik izan dopinaren aurka egindako 39 kontroletan. Elkarteak jakinarazi zuenez, orain artean 39 lagin jaso dituzte, 30 lehiaketatik kanpo eta 9 lehiaketa egunean bertan. Horietan denetan, ez da aurkitu debekatutako substantziarik.
Egindako kontrol guztiei, uztailaren 12an San Pedroko estropada hasi aurretik TKE Ligako talde guztietako arraunlariei egindako odol-analisiak ere gehitu behar zaizkie. Iragarri zutenez, liga amaitu bitartean kontrolak egiten jarraituko dute eta emaitzak elkarteko kideei banatuko zaizkie ondoren.