Serbia eta Kroazia, mokoka Ekaitza Operazioaren ospakizunak direla eta
1995eko Ekaitza Operazioaren urteurreneko ospakizunak liskarra eragin du Kroaziaren eta Serbiaren artean. Kroaziarrentzat jaieguna da, euren lurraldea berreskuratu zutelako. Serbiarrek, ordea, kroaziarrek gerra krimenak egiteagatik barkamena eska dezaten nahi dute.
GARA |
Kroaziak gogor erantzun dio atzo Serbiako presidente Boris Tadic-ek 1991-1995 urte artean izan zen gerran kroziarrek serbiarren aurka egin zituzten krimenengatik.
«Kroaziako indar militarrek ez dute beren Estatuko lurraldeak askatzeagatik barkamena eskatu beharrik», adierazi zuen Kroaziako Parlamentuko presidente Luka Bebic-ek atzo Knin hirian, Ekaitza Operazioaren 13. urteurrena gogoratzeko antolatu ziren ekitaldietan.
«Egin beharrekoa modu egokian egin zuten eta egin zutena egiteko eskubide osoa zuten», gaineratu zuen Bebic-ek.
1995eko abuztuaren 4an jarri zuten abian kroaziarrek Ekaitza Operazioa, horren bidez, Kroaziako serbiarrek osatu zuten Krajinako Errepublika Serbiarra -jaio berri zen Kroaziako estatu independentearen herena okupatzen zuena- indarrik gabe uzteko. Horrekin batera, Kroaziako gerrari amaiera eman zioten.
200.000 serbiar inguruk beren etxeak utzi eta Serbia eta Bosniara alde egin zuten ihesi. Hagako Nazioarteko Auzitegiaren datuen arabera, Ekaitza Operazioan etxean geratu ziren «350 zibil, gehienak adinduak eta gaixoak, hil egin zituzten».
Serbian egoitza duen Veritas elkartearen datuak, ordea, okerragoak dira, hildakoen kopurua 1.200era igotzen baitu. Helsinki Batzordeak, berriz, 680 hildako zibil izan zirela aipatzen du.
Kroaziarren hiru jeneral, Ante Gotovina, Ivan Cermak eta Mladen Markac, epaituak izaten ari dira martxotik hona Hagan, Ekaitza Operazioan gerra krimenak egin zituztelakoan.
«Kroaziak barkamena eskatuko du bere Armadak Serbiako lurraldean egin dituenengatik. Baina gu ez ginen Serbiako lurraldera joan, guk gure Kroazia defendatu genuen», esan zuen Bebic-ek.
1991an Kroaziak Jugoslaviatik banandu eta independentzia aldarrikatu zuenean, Zagrebeko gobernuaren eta estatu berriaren lurralde batzuk serbiarrenak zirenak defendatzen zutenen artean gerra piztu zen. Azken hauek, Jugoslaviako Armada Federalaren sostengua izan zuten. 20.000 hildako inguru eragin zituen gatazka honek.
2003ko irailean, Kroaziako presidente Stipe Mesic-ek, eta garaiko Serbia-Montenegrokoak, Svetozar Marovic-ek, elkarri barkamena eskatu zioten bi herriak gerra garaian sortu zituzten kalteengatik, Belgraden bildu eta gero.
2005ean, Mesic-ek gerra horretan serbiarren aurkako krimenak izan zirela onartzeko eskatu zien kroaziarrei. Atzo, ordea, Ivo Sanader lehen ministroak Ekaitza Operazioa «kroaziarren garaipentzat» jo zuen.
Belgradeko epaitegi batek bi serbiar epaituko ditu -bata Serbia bertakoa, bestea Bosniakoa- 700 musulman bosniarren aurka 1992an Zvornik herrian gerra krimenak egiteagatik.