Inaxi Lazkano Labaka Psikologoa
«Degemer mat», ongi etorri
Herri txiki edo gutxitu izateak, menpekotasunaren zamak egindako minak eta mendeetako zapalkuntzak politikan eta kulturan jasandako galerek garamatzate hain sakon eta barnetik sentitzera elkarrekin hain abegikor eta senide izaera hori bi herrien elkartasuna hain sendo eta iraunkorra izatea
Degemer mat, ongi etorri, bihotz-bihotzez eta on dagizuela hemengo txangoak. Bretainiako zenbait herrik senidetasun itunak eginak dituzte Euskal Herriko hainbat herrirekin, eta egunotan Xanestebango jaiak direla tarteko, izerdi eta pats, ibili dabiltza euskaldunak eta bretoiak elkarrekin, jo eta su festan.
Duela hamabost urte edo gehiago hasitako ibilbide bati jarraituz, Bretainiako Carhaix/ Plouguer edo Karaez herriarekin senidetasun hitzarmena jarraituz, bretainiaar jendetza ederra jaso eta herriko jaietan txertatzea, elkarrekin gauza askotaz hitz egitea, herri bakoitzaren ahalegin eta borrokaren nondik norakoak edota herrien aldaketa eta garapenaz dituzten ikuspegi desberdinak trukatu eta elkarrekin neke eta pozak konpartitzea lortzen dute.
Azken batean, batzuek eta besteok herria nola maite dugun eta herri minak nora garamatzan aztertu eta sakontzeko parada ere badela deritzot. Ibilbide desberdinak izan arren, bi herri zapalduen errealitatea lan militantearen eraginez indartuko dela eta herri kontzientzia edota kontzientzi maila bera ere aberastua eta indartua ateratzen den iritzia jasotzen da.
Oiartzungo herriak, Udalaren laguntzarekin, amets antzeko zerbait errealitate bihurtzea lortu du. Urtero-urtero, jaietan hango bisitariak abegikor eta modu guztiz dotorean jasotzen ditu. Udaletxeko balkoitik txupina jaurtitzean ez ohi da falta Bretoien presentzia zuzena, hango eta hemengo zenbait zinegotziren parte hartzea: beren bandera gurearen pare jartzen da eta udaletxeko balkoian txalo zaparraden eta xanpain zipriztinen artean aireratzen dira.
Ekitaldi ugariren erdian, aurten Bretainiako hirurogei pertsona inguruko banda musika dabil herriko kaleak alaitzen. Joan den urtean Oiartzundik joandako espedizioari musika talde horrexek berak, hain zuzen, zeltiar eta latindar elementuak dituzten doinu bereziekin eman zigun ongi etorria Bieuzy-Les Eaux herrian: Hamelingo txirulariaren pare, beren atzetik basoan barna joan ginen bretainiarrak egun horretarako prestatu zuten bazkal tokira. Guztiz txundiarazi gintuzten, eta hori merezi genuela pentsatzea zaila zen.
Zer dela-eta hain enkontru, harreman sakona? Herri txiki edo gutxitu izateak, menpekotasunaren zamak egindako minak eta mendeetako zapalkuntzak politikan eta kulturan jasandako galerek garamatzate hain sakon eta barnetik sentitzera elkarrekin hain abegikor eta senide izate hori bi herrien elkartasuna hain sendo eta iraunkorra izatea. Guk, esaterako, galdetuta: «qué tal?», haiek patxadaz eta irribarretsu erantzungo dute: «oso ondo!».
Hasieran mahaiaren ingurukoa, jana eta edana, festa eta parranda, alaitasuna, euforia eta guzti; agian, ez da behar bezala ulertzen parranda handi eta mozkorraldiak osasuntsuak diren, baina denborarekin ohartzen zara zenbat gauza trukatzen diren eguneroko lanetik at, inhibizioak baztertzean, barneko irrika eta sentiberatasuna tarteko, nola elkarri gauzarik onenak erakutsi, bisitarazi, kontatu eta elkarrekin bizipen berriak dastatuz, erneta dagoena, barruan duguna nola sendotzen den eta harremanak nola bidean birkokatzen errrazagoa den.
Herrien arteko senidetzak, horixe, senidetza hitzarmena eta elkarretaratzea izan ohi du bere egiteko nagusi. Baina herri txiki zapalduen arteko senidetzak badu esanahi sakon bat, batik bat bizitu eta gauzatu egiten bada: musika, dantza, hizkuntza, herri txiki zapalduaren kontzientzia hezurmamitzen denean. Esan al daiteke gauza ederragorik dena itxura eta azaleko gauzez inguratzen gaituen jendartean?
Jaiak ospatzeko modu ireki eta ederra: beste modu bat. Beste kultura batera ireki eta ikasiz ondo pasatzeak ez esan ez duela meriturik. Mila esker guztiagatik, trigazeiz wras!