Donostimagen'08: kamara lepotik zintzilika, Chillida-leku argiz josi dutenen topaleku
Gabriel Brauren hitzetan, «argazkigintzako bidea bakarrik ez dagoelako egiterik» hogeita hamar kide, kamara eskutan, Chillida-Lekun elkartu dira maite duten artearen munduan murgiltzeko. Gaur, azken eguna den honetan, lehertzeraino gozatuko dute.
Odeia AIESTARAN
Kamara lagun handi bat da; «nire sentipenak besteei helarazten laguntzen didan laguna», hala zioen Mamen Mari argazkilariak Donostimagen'08 jardunaldien baitan egindako saio batean. Donostiarrarekin batera, Gabriel Brau katalanaren ikastaroez gozatzen jarraitzen dute hogeita hamar bat parte hartzailek Hernaniko Chillida-Lekun, «imagina zitekeen lekurik hoberenean», espazio eskultorikoan dauden belardi zabalak igaroz esperientziak trukatzeko leku aproposa.
Argazkilari profesionalak eta zaleak; denek dute zeresanik eta horregatik, batetik, Mari eta Brauek hainbat ikastaro eskaini dituzte, oinarrian «bi gauza erakusteko: argia neurtzen eta artxibo digitalak lantzen» eta bestetik, bakoitzak bere «laguna» lepotik zintzilikatu eta duen abilezia erakusteko aukera du. Mahai-inguruen, argazki saioen edota lantegien bidez bakoitzak barruan daraman artista sena kanporatu du egunotan. Mari eta Brauen nolabaiteko gidaritzapean argazkien paradisuan murgildu dira denak; profesionalen munduan, bi horien bide berbera jarraitzeko asmoz.
Argazkilariaren lana modu egokian nola egin jakitea ezinbestekoa da, baina ikasitakoa praktikan jartzearen garrantzia ere ardatz nagusia izan da jardunaldian. Hala, modeloekin egindako argazki saioan Marik, museoaren inguruko parajeak eskaintzen duen gardentasunaz baliatuz, argi naturala eta artifiziala nahastuta sortzen den magiaz hitz egin zuen. Lau egunetan «ikasle» bihurtu diren denek euren obra artistikoak ere noranzko horretan finkatu zituzten, benetako artelanak osatuz. Brauk argiarekin jolastu zuen eta hala, kamara digitala izan zuen mintzagai, argiztapen ezberdinen bidez kanpoko kapturaren nondik-norakoak azalduz. Ondoren, era librean estudioan jarritako modeloei argazkiak egiten jardun ziren. Irakatsitakoa kontuan hartu, kamara lagun bihurtu eta norbere ukituaz irudi mosaiko ederra osatu zuten, museoaren zelaien armoniak lagunduta.
Profesionaltasunez betetako hiru egun igaro dituzte, eta bukatzeko penatuta badaude ere «sekulako» esperientzia izan dela azpimarratu dute. «Lehen jardunaldia euripean egin genuen», gogoratzen du Marik, baina hala ere, egun «hunkigarria» izan zen, lehenengo kontaktuak egiteko baliagarria. Gerora lortu duten harremanaren lehen oinarriak ezarri zituzten eta askorentzat beren ogibidearen lehen pausoak ezarri ziren edota zekitena sendotu zuten.
Donostimagen'08 era borobilean amaitzeko, bertakoentzat oso pertsona garrantzitsua den Concepcion Alarcon izan da Chillida-Lekun. Alarcon, Artual Edizioen zuzendaria izateaz gain, «La Fotografia Actual» aldizkariko editorea da. Bera izango da lau egunetan parte hartzaileek ateratako argazkiak ikusiko dituena eta, agian, baita argitaratuko dituena ere. Mari eta Brauek, beraz, badute euren «lanpostua» ken diezaiekeenik, denak «desiatzen» baitaude.
Erakusketa, osagarri
Gipuzkoa udan arteleku eder bilakatzen denaren zalantza izpirik ez dago. Musika, antzerkia edota zinema izar bihurtzen dira hilabeteotan. Argazkigintza ez da ez atzean geratzen eta Chillida-Lekun egindako topalekuaz gain, Gabriel Brauk «Afrikako Argiak» erakusketa ezarri du Alberto Fernandez-Ibarburu aretoan, Donostian.
Argazkiek Afrikako errealitatea islatzen dute eta «buruz baino gehiago, begien eta bihotzaren bidez» egindakoak direla azpimarratu zuen autoreak; Afrikara egindako lehen bidaia 1998an egin zuen eta bertako esperientziak argazkigintzari buruzko ulermena aldarazi ziola aipatu zuen. Zuri-beltzean eginiko irudiek ezezaguna den kontinenteko hainbat herrien ohiturak, bizimoduak edota tradizioak azaltzen ditu Brauk, bertako errealitate gogorra islatuz. Touaregtarrek, Keniako masaiek edo Burkinako lobiek, besteak beste, daramaten bizitza modu gordin baina ederrean azaltzen duen erakusketa datorren irailaren 3 arte egongo da ikusgai.
Argazkigintzak ezkutatzen dituen sekretuak ezagutzeko urteroko zita beraz, Donostimagen'08 deritzo. Mamen Mari eta Gabriel Brauk, Joan Canyesekin batera sortutako ekimenak urteroko maiztasuna izatea nahi dute. Lehenbizi Euskal Herrian ezagun egin eta ondoren, nazioartera zabalduz, argazkien mundu konplexua sinple egitea da helburua.
Donostimagen'08:
Chillida-Lekun (Hernani),
bihar arte.
«Afrikako Argiak» erakusketa: Alberto Fernandez-Ibarburu aretoan (Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitza, Donostia), irailaren 3 arte.