GARA > Idatzia > > Ekonomia

«Flotaren birmoldaketak arrantza sektorearen desagerpena ekarriko luke»

p028_f01.jpg

Jose Luis Gallastegi, «Jota»
Lab-eko arrantza saileko orsezkaria

Lekeitiarra jaiotzez, 51 urteko arrantzale ohia da Jose Luis Gallastegi. Gaur egun, LABeko Arrantza Saileko nazio arduraduna da. Bere ustez, benetako konpromisoak hartzea derrigorrezkoa da, arrantza sektorea salbatuko bada. Zentzu horretan, belaunaldien arteko erreleboaren edota kofradia nazional baten garrantziaz mintzatu gara berarekin.

Ruben PASCUAL |

Arrantza sektorearen egoera sakonago ezagutzeko, Lekeition izan gara Jose Luis Gallastegirekin eta arrantzaleen kezkak plazaratu dizkigu. Haien iritziz, Administrazioak «hitz politak bai, baina hutsak» erabiltzen ditu. Hala ere, «bakoitzak bere ardura ondorio guztiekin betetzen badu», arrantza sektorea aurrera atera daitekeelako ustean da Gallastegi.

Aste honen hasieran, Pasaiako portuan 8.000 kilo legatz bota zituzten zaramara. Zer adierazten du horrek?

Arrantzaleek protesta egiteko modu bat da. «Nahikoa da» esateko aurkitu duten modua. Pentsa ezazu; arrantzaleari bentetan bi euro, edo gutxiago, ema- ten badizkiote, arrandegietan zortzi, hamar edo hamabi eurotan saltzen dira arrainak. Horrelako baldintzetan euren lana alferrikakoa dela uste dute arrantzaleek. Ez die merezi itsasora ateratzea etekinik ez badute izango.

Europar Batasunak gutxieneko prezioak dauzka ezarrita. Errespetatzen al dira?

Inolaz ere. Hemengo kofradiei dagokienez, bakoitzak nahi duen prezioa jartzen du. Hemen ez dago gutxieneko preziorik finkatuta. Gaur egun, Euskal Herriko flota 200 itsasontzik osatzen dute. Bakoitzak harrapatuko duen arraina saltzen badu ez du etekinik aterako. Ondarroan prezio bat ordaindu dai- tekeelako, Orion beste bat, Getarian beste bat...

Arrantzaleei ematen zaien eta erosleek ordaintzen duten prezioaren artean alde nabaria dago. Noren eskuetan geratzen da diru hori?

Bitartekarien eskuetan. Esate baterako, orain atunaren garaia da. Joan den astean Lekeitioko bentan hiru euro inguru ordaindu zuten kilo bakoitzeko. Lekeitioko edozein arrandegira joanez gero, 14 edo 16 eurotan salduko litzateke. Prezioen arteko aldean geratzen den diru hori non geratzen den? Bada, betiko lekuan. Dirua eta salmenta euren interesen alde kudeatzen dutenentzat da diru hori. Garaia da, arrantzan ere, gauzak aldatu eta bakoitza behar den lekuan ipintzeko, sektore honek 100 urtetan ez duelako inolako bilakaerarik izan.

Zertan nabaritzen da hori?

Duela 100 urteko funtzionamendua mantentzen da. Adibidez, dirua kobratzeko moduak berdin-berdin jarraitzen du. Baxuran, esaterako, harrapatzen duzunaren arabera kobratzen duzu. Ezin ahaztu dezakegu diru horren %50 armadorearentzako doala zuzenean, gainerakoa arrantzaleen artean banatzen dela. Beraz, arrantzaleek ez daukate gutxieneko soldatarik ziurtatuta. Alturan, berriz, gutxieneko soldata bermatuta daukate, harrapatutakoaren portzentaia gehituta.

Zer eskatzen duzue zuek honen aurrean?

LABek eskatzen duena denok soldata duin bat izatea da. Eta ez hori bakarrik, lan baldintza duinak, atseden egunak, oporrak... beharrezkoak dira. Kontu hauek, Ondarroako portuan, normalean, ez dira betetzen. Eta, betetzen ez direnean, istripuak gertatzen dira. Lan honetako baldintzak oso gogorrak dira berez, eta gainera, langileek ez daukate ia atsedenik. Horixe da guk salatzen duguna.

Zein eragin izan du inportazioak sektorean?

Kontuan hartu behar dugu globalizazioan sartuta gaudela. Beraz, arrain pila bat kanpotik ekartzen dute. Hala ere, ez da arrantzan bakarrik gertatzen den fenomeno bat. Nekazaritzan ere, hori bera gertatzen da.

Honen aurrean, guk lehiatu egin behar dugu, kalitatea oinarri hartuta; gure arrainak beti izan baitira kalitate onekoak. Harrapatzerakoan, guk ez dugu sarraskirik eragiten. Adibidez, orain atunaren kanpainan gaude, eta horiek banan-banan harrapatzen ditugu, kanaberarekin, kalitatea bermatuz.

Arrainaren prezio baxua al da sektorearen arazorik larriena?

Hein handi batean, bai. Baina, azkenaldian Bruselatik berri batzuk etorri dira, txalupa pila bat hondoratu behar ditugula esanez. Hori guk inola ere ez dugu onartuko, Euskal Herriko flota berria delako. Duela gutxi diru publikoarekin berritutakoa. Hau izango da Euskal Herriaren etorkizuneko flota.

Argi dago petrolioaren prezioaren igoerak ere eragina izan duela sektorean. Horren erakusgarri da garraiolarien azken greban arrantzaleek parte hartu izana. Zein neurritan eragiten du?

Gai horretan kontu handia izan behar da, tranpa bat dagoelako. Greba armadoreek bultzatu zuten, arrantzaleekin kontatu gabe eta euren interesak kontuan hartu gabe. Hori LAB sindikatuak gogor salatu du. Ez dugu inolaz ere onartzen armadoreek greba bat bultzatzea eta kaltetuak arrantzaleak izatea. Oro har, argi dago zerikusia duela petrolioaren prezioak, baina ez bakarrik arrantzan. Sektore guztietan antzera ematen da.

Madriletik eta Bruselatik proposatzen den irtenbidea flotaren birmoldaketarena da. Zein ondorio izango luke horrek?

Arrantza sektorea desagertzea. Guk hori ez dugu inolaz ere onartuko. Esan bezala, Euskal Herriko flota, diru publikoarekin duela gutxi berriztatu da. Arrantza sektoreak irautea nahi bada, belaunaldien arteko erreleboa bermatu behar da. Eta arrantza sektoreaz ari garenean, ez gara soilik arrantzaleez ari, arrantzaz bizi den jende guztiaz baizik: bai sare-egileak, bai neskatilak...

Nolanahi ere, hau ez litzateke sektoreak jasango lukeen lehendabiziko birmoldaketa. Zein ondorio izan zituen aurrekoak?

Argi eta garbi, Euskal Herriko flotaren erdia desagertzea ekarri zuen. Guk ezin dugu onartu beste errekonbertsio bat, arrantzaren etorkizuna desagerpena izango litzatekeelako. Egoera aldatzeko politika berriak behar dira. Eusko Jaurlaritza etengabe ari da proiektu berriak aurkezten, eta ekonomia suspertzeko egiten duela esaten du. Zergatik diru kopuru hori ez da arrantzan inbertitzen?

Zein modutan lagunduko lukete inbertsioek sektore honetan?

Diru kopuru hori behar bezala inbertituko balitz, lanpostu ugari sortzen lagunduko lukeela argi dago. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak dirua badauka, inbertitu dezala Euskal Herriko portuetan.

Ondarroako portuan diru publikoarekin duela bost urte erositako bi itsasontzi geldirik daude. Horiek martxan jartzen dirua inbertituko balitz, berrogei lanpostu sortuko lirateke. Edo, zer nahi dute, Euskal Herriko portu guztiak kirol portu bihurtzea?

«Harrapatzen denaren kudeaketa kofradia nazionalaren esku geratuko litzateke»

Gero eta sarriago entzuten dira arrantzale eta nekazarien arazoen salaketak. Indarra galtzen ari da lehen sektorea?

Zoritxarrez, bai. Arrantza sektorea zelan dagoen ikustea besterik ez dago. Datuak oso kezkagarriak dira. Esate baterako, 1986. urtean 8.000 arrantzale zeuden. 2008an, berriz, 2.000 besterik ez dira geratzen, eta itsasoan ari diren langileen batez besteko adina 48 urtekoa da, oso heldua. Flotak, azken urteotan, itsasontzien %70 galdu du.

Lehen aipatutako birmoldaketaren aurrean, zer proposatzen du sektoreak?

Kudeaketa arduratsu eta iraunkorra, harrapatutako arrainak eta deskargak egokiak izateko. Guk uste dugu gaur egungo politikak argi utzi duela ez dela gai belaunaldi berriak bultzatzeko, lanpostuak sortzeko, geratzen diren itsasontziak pikutara bidaltzen dituelako.

Zer eskatzen diozue Administrazioari?

Benetako politika bat diseina dezatela belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko, eta jendea anima dezatela arrantzan lan egitera. Guk arrantza lanbide bat izatea nahi dugu, baina lanbide duina. Horretarako gutxieneko baldintza batzuk bermatu behar dira. Gaur egun ez dago gazterik arrantzan lan egiteko prest, baina, gutxieneko soldata ez badago ziurtaturik, kristoren arriskua badago, lan ordu asko, oporrik eza, atsedenik ez dago... Horrelako baldintzekin nor joango da? Jendeak paso egiten du, eta normala da.

Beraiekin batzartu zaretenean zein erantzun jaso duzue?

Gurekin ados daudela, gure egoeraz kezkatu egiten dire- la...Hitz politak, baina hutsak. Egoerak ez du jadanik hitzik eskatzen, gordina eta kezkagarria delako.

Parlamentuan izan gara, arrantza sailburuarekin hitz egin dugu eta denok batuko gaituen mahai baten sorrera eskatzen dugu, arazo honi konponbidea emango dion plangintza diseinatzeko. LABetik gurea aurkeztu dugu eta parlamentuan erabateko adostasuna agertu ziguten. Hala ere, udaletan mozioak sartu ditugunean, eurek `aurkako mozioak' aurkeztu dituzte, altura eta baxura bereizten ez genituela argudiatuta. Beraz, Parlamentuan adostasuna izan zuen plangintzak udaletan `aurkako mozioak' izan ditu. Guk koherenteak izan daitezela eskatzen diegu. Egoera oso kezkagarria delako eta arrantza bere osotasunean defendatu behar delako.

Testuinguru horretan, LABek Kofradia Nazionala defendatzen du. Zertan datza?

Guk Euskal Herri osoan egongo den Kofradia Nazionala eskatzen dugu. Erakunde publiko bat izango litzateke eta harrapatzen denaren komertzializazioaren kudeaketa guztia bere esku geratuko litzateke. Hala, gutxieneko prezio bat ezarri eta hortik behera ez jaisteaz arduratuko litzateke. R.P.

 

ETEKINAK

«Gaur egun arrainen truke ematen dieten diruagatik, arrantzaleei ez die merezi itsasora ateratzea etekinik izango ez badute»

 
lan baldintzak

«Arrantzako lan baldintzak oso gogorrak dira. Gainera, atseden egunak ez direnez errespetatzen, lan istripuak gertatzen dira»

ERRELEBOA

«Belaunaldien arteko erreleboa bermatu egin behar da, arrantza sektoreak iraun dezan nahi baldin bada»

SOLDATAK

«Duela 100 urteko funtzionamendua mantentzen denez, arrantzaleek ez dute gutxieneko soldatarik ziurtatuta»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo