GARA > Idatzia > > Kultura

Zirkuko giro tradizionala dakarte Garik, Montxok eta Joselontxok

«Martingala» ikuskizun estreinatu berria eskainiko dute gaur Donostian Garik, Montxok eta Joselontxok. Zirkuko beti-betiko pailazoen arrastoan dabiltza, eta, Euskal Herriko beste pailazoekin konparatuta, hori da, seguru asko, nabarmentzen dituen ezaugarririk behinena.

p043_f01_.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

«Martingala» ekainean estreinatu zuten eta, han-hemenka «beroketa-emanaldi» batzuk egin ondoren, ikuskizuna gaur eskainiko dute, Donostiako Aste Nagusian, Garik, Montxok eta Joselontxok, hau da, Garikoitz Muñozek, Ramon Irizarrek eta Joxean Malvidok, hurrenez hurren.

Pailazook azken urteotan egin duten beste ikuskizunen bide bertsutik dator «Martingala»: Montxo augusto lotsagabea, Joselontxo lotsatiarekin batera, Gari klownari behin eta berriro ziria sartzen saiatuko da. Gari, ordea, azkarregia da, eta, gainera, haurren laguntza izango du. Ohi bezala, naif kutsuko umorea, musika eta zirkua -hitzaren zentzurik zabalenean- izango dira ikuskizunaren osagaiak. Izan ere, Garik, Montxok eta Joselontxok zirku tradizionala dute erreferente nagusi, eta lan egin ere, gero eta gehiago egiten dute zirkuetan. Esaterako, orain dela gutxi, Iruñeko sanferminetan, Circo Mundial-en aritu dira.

«Guk -adierazi du Gari Muñozek- gutxi gorabehera XIX. mendearen erdialdeaz geroztik indarrean egon den pailazo eredua dugu erreferente, hau da, gure haurtzaroan zirkuetan ikusi ditugun pailazoak. Euskal Herrian diren beste pailazoekin konparatuta, hori da seguru asko gure ezaugarri bereizgarria».

Istorio xume-xumeak eszenaratzen dituzte. Batzuek ehun urte baino gehiago omen dituzte. Eta horrek galderak sortzen ditu: gaur egun berdin funtziona dezakete?, haurren «begirada», funtsean, ez al da belaunaldiz belaunaldi aldatu?, telebistak eta, ez al dute begirada horretan eraginik izan? «Ehun urteotan -erantzun du Muñozek- gauzak aldatu dira, jakina, baina, harrigarria badirudi ere, batzuk ez omen dira funtsean aldatu, ez haurren, ez helduen begiradan, eta orain dela ehun urteko esketx batek gaur egun ere primeran funtziona dezake».

Zirkuz zirku, Europan barrena

Egokitu behar da, noski, eta egokitzapen hori aldatu diren gauzen ondorio da. Erritmoa da, telebistaren eraginez-eta, oso modu nabarmenean aldatu den gauzetako bat. «Orain dela hogei bat urteko bideoak ikusi, eta erritmoa zein motela zen, gauzak nolako patxadarekin egiten ziren, harrituko zaitu. Egun, askoz erritmo biziagoarekin egin behar duzu. Baina, egokitzapenak egokitzapen, aspaldiko istorio horiek funtziona dezakete; oso ondo, gainera».

Garik, Montxok eta Joselontxok zirkuetan gero eta gehiago lan egiten dute; ez, ordea, Euskal Herrian, non zirkuaren tradizioa -eta merkatua- urria den. Horregatik urtero Europa aldera jo behar izaten dute, Estatu frantsesera, gehienbat. Iaz, adibidez, Amienseko zirku munizipalean aritu ziren. «Harrizko eraikina da, XIX. mendekoa; antzoki bat bezalakoa da, baina zirkurako atonduta; zoragarria».

Dena dela, Europan ere zirkuak ez du jada garai batean izan zuen indarra. «70eko hamarkadaz geroztik, krisian sartu zen. Azkenaldion, saltsa handia dago, eta hori ona da. Estatu frantsesean, adibidez, Nouveau Cirque-k ikuskizun on eta berritzaileak sortu ditu. Alabaina, ikusleen aldetik, ez du zirku tradizionalaren arrakasta lortu. Estatu espainolean, berriz, gauzak ez daude ongi. Circo Mundial da salbatzen diren bakarretako bat, eta gero Katalunian oso gauza interesgarriak egiten ari dira».

Europan barrena pailazo ibiltzea ez da erraza. «Lehenik eta behin, ezagutu behar zaituzte, nekez deituko dizute bestela; urte hauetan guztiotan gogor egin dugu lan, eta orain hasi dira gure berri izaten eta deitzen. Gainera, guk hemen ere lan egiten dugu, eta gauzak bateratzea ez da beti erraza izaten. Esaterako, datorren urtean Bukaresteko zirku batean bi hilabetez aritzea eskaini digute, eta ezetz erantzun behar izan dugu, hilabete horietarako hainbat konpromiso hartuta dauzkagulako hemen», adierazi du Gari Muñozek.

Hala eta guztiz ere, zirkua dute gustuko, eta horrek esan nahi du, ahal dela, urtero-urtero Europako bidea hartzen jarraituko dutela Garik, Montxok eta Joselontxok. Gaur, ordea, Donostian bertan egongo dira, Konstituzio plazan.

PISTATIK PLAZARA

Iruñeko sanferminetan Circo Mundial-eko pistan aritzetik datoz Gari, Montxo eta Joselontxo; gaur, berriz, «Martingala» ikuskizun berria eskainiko dute Alde Zaharreko Konstituzio plazan.

Fitxa

Ikuskizuna: «Martingala».

Pailazo-taldea: Gari, Montxo eta Joselontxo.

Eguna: Gaur, abuztuak 10.

Ordua: 17.30.

Lekua: Alde Zaharreko Konstituzio plaza, Donostia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo