GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Aitor Sarasola 2008/8/6

Ondareaz

le journal

(...) Frantziako legebiltzarrak euskara eta bertze hizkuntza guttiagotuak Errepublikako ondare izendatu ditu, bozka bakar baten aldearekin. Irakurri dudanez praktikan horrekin ezer gutti aitzinatuko da gure hizkuntza. Bertze zenbait berriz baikor dira, lehen urrats bat dela...

Ez dakit nik.

Lehengo batean lagun batekin aritu naiz horretaz. Ondareak hilik dauden harriak dira. Atxiki behar direnak, behatu, zaindu, ez galdu, gerokoek ere ezagutzeko xantza ukan dezaten. Bainan ene hizkuntza, nortasuna eta komunikatzeko gaitasuna ematen didana, hori baino askoz ere gehiago da enetzat.

Orain ondare «inmaterialak» ere izendatzen omen ditu Uneskok, hunki ezin direnak, kulturalak... horrelakoa omen da gure hizkuntza, ondare ez-materiala. Eta zer? Ondarea?

Ez. Euskara ez da ondarea. Eta guttiago Frantziako errepublikarena. Gutti jakitea fitxik ez jakitea baino arriskutsuagoa izan litekeela erraiten du ene anaia batek. Beharbada zerbait dakienak anitz dakiela uste dezakeelako. Nik ez dakit fitxik ondareaz, bainan ene hizkuntza ez dela ondare bat badakit. Eta Frantziako ondare izendatzeak onik ez duela ekarriko ere badakit. Horretarako ez baita anitz jakin beharrik.

Nik ez dut heriotza luzerik nahi, ez enetzat, ez ene hizkuntza eta herriarentzat, ez nehorentzat. Eta, nago, hizkuntza bat ondare izendatzen duenak hori duela kasko gibelean: heriotza gorde eta goxo bat; instituzioak alde omen dituena, bainan heriotza bat azken finean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo