Rikardo Arregi 2008/8/8
Senar-emazteak
DEIA
Aspaldidanik neraman ikusi barik, edo nabaritu barik, edo begiratu barik, edo atzeman barik, baina (...) agertu zaizkit nonahi lauso gogoratzen nituen portaera bitxiekin. Mundu arras misteriotsua da niretzat senar-emazte taldeena, eta agian horregatik, badakidalako ez dudala inoiz mundu hori benetan ezagutuko, animaliei buruzko telebista dokumentalei bezala begiratzen diet harriturik.
Txikitan ere ikusten nituen senar-emazte taldeak, familiakoak batez ere, eta gizonak haien aldetik eta emakumeak haien aldetik ibiltzearen ohitura hori beti egiten zitzaidan apur bat berezia. Aurten konprobatu izan dut gauzak ez direla gehiegi aldatu: adin guztietako senar-emazte taldeak ikusi izan ditut kaleetan, parkeetan, terrazetan, jatetxeetan, eta sexu banaketa zahar horrek betiko moduan segitzen duela ematen du. Gizonak, guztiak, hortik eta emakumeak, guztiak, handik. Mahaietan esertzen direnean ere gauza bera, bi taldeek elkarri bizkarra ematen diete.
Lagun eta ezagunei galdetu diet arrazoiren bat bilatu nahian. Batzuentzako mintzagaiak guztiz desberdinak dira, batez ere seme-alabak jaiotzen direnetik. Beste batzuek jatorrizko koadrila aipatu didate: neska koadrila zen, adibidez, gazte garaietan eta gero gizonak sartu ziren, edo alderantziz. Batzuek aitortu didate ez zaiela ohitura hori gustatzen, sufritzen dutela egoera eta, izugarriena dena, ez dakitela nola egin aurre, gaizkiulertuak sortzen baitira. Baikor batek gauzak aldatzen ari direla esaten dit. (...)