GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Independentziaren sokatik, tira eta tira dabiltza euskal gazteak

«Herri berri bat piztera goaz. Etorkizuna independentzia» lelopean makina bat dira egunotan gazte independentistek egiten ari diren ekimenak. Atzo Getarian, Gasteizen eta Lekeition izan zuten hitzordua eta kontzertu eta bazkari artean, «Euskal Estatu Sozialista» eraiki artean lanean jarraitzeko «irmotasuna» erakutsi zuten.

p016_f02_148x104.jpg

Oihana LLORENTE |

Gazte independentistek ez dute oporretarako tarterik hartu eta jo eta ke dabiltza «Herri berri bat piztutzera goaz. Etorkizuna independentzia!» kanpaina aurrera eramanaz. Asteburu honetan, Gasteiz, Lekeitio eta Getaria izan dira kanpainaren agertoki nagusiak eta Gazte Egunak antolatu dituzte herriotan.

Konstituzio espainola eta Frantziar errepublika «paretik kendu» eta herri «berri bat eraikitzeko» beharra dagoela iritzi diote gazteek. Hala ere, gurean, bi Estatuek daramaten estrategiarekin «bat egiten duten kolaboratzaileak» daudenaren uste sendoa dute eta horiek EAJ eta UPN direla zehaztu dute.

Gazteriaren eskubideak ere, esparru anitzetan «zapalduak» direla nabarmendu eta adibide zerrenda luzea mahaigaineratu dute: etxebizitza eskubidearen ukapena, AHTren inposaketa, hezkuntza sistema «arrotza» jasotzeko derrigortasuna....

Gazte independentistek ordea, euren esanetan, badute honi guztiari aurre egingo dion proiektu politikoa eta hori independentzia eta sozialismoa dela defendatu dute.

Udako kanpaina honekin, eraiki asmoz dabiltzan «Euskal Estatu Sozialistaren» bidean mugarriak jarri nahi dituzte eta jaietako egitarauen baitan gazte espazioak sortzeari ekin diote uda honetan.

Gazte gasteiztarrek eguerdian ekin zioten euren egunari eta herri bazkariarekin abiatu zuten ekimena. Bapo bazkaldu ostean, Arabako gazteen arteko sokatira lehiaketa gauzatu zuten eta dantzaldiaren ondoren aldarrikapenari egin zioten tartea, manifestaldi eta ekitaldiarekin.

«Herri berri bat piztera goaz. Etorkizuna independentzia!» leloa zuen pankartak zabaldu zuen Txosna Gunetik abiatutako manifestaldia eta hiri barnetik abiatu zen indepedentzia oihukatuz. Ekitaldian, gazteriak jasaten dituen «eskubide zapalketak» ekarri zituzten gogora eta hauei aurre egiteko arma «antolakuntza eta borroka» direla defendatu zuten.

Antzera ibili ziren gazte lekeitiarrak atzo egindako Gazte Egunean. Bertan ere, bazkariarekin abiatu zuten eguna eta ondoren bingoan aritu ziren bildutako gazte asko. Era berean, Lea Artibai eta Mutrikuko gazteen arteko sokatira izan zuten.

Manifestaldia eta ekitaldi politikoa ere burutu zuten gazte independentistek eta gauean aldiz, Zea Mays, Sorkun & Vice Presidents, UEK eta Txapelpunk musika taldeen eskutik kontzertua izan zuten.

Ostiralean, Donostian

Gasteizen, Lekeition eta Getarian Gazte Eguna ospatzen zuten bitartean, gazte independentista donostiarrek eurea aurkeztu zuten komunikabideen aurrean. Hitzordua datorren ostiralean izango da eta hauek hautatutako leloa «Donostia berria piztera goaz. Etorkizuna independentzia».

Luntx eta gazte olinpiadekin abiatuko dute Gipuzkoako hiriburuko hitzordua. 13.30etan aldiz, manifestazioa egingo dute Bulebarretik eta ondoren gazte bazkaria antolatu dute Ikatz kalean. Arratsaldean zehar, euskal kantak, sagardo dastaketa, txistorrada eta kontzertuak izango dira.

Udala aukeratu zuten atzo agertoki gisa eta gazteriaren borrokaren bidez feminismoa, amnistia, okupazioa edota euskalduntzea irabazten ari direla irudikatu nahi izan zuten sokatira baten bidez. Bildutako gazteak gainera, Polizia espainolak joan den udazkenean burutako operazio poliziala dela medio, aurtengo jaietan beraiekin egongo ez diren gazteez gogoratu eta «gazteen eskubideen alde borrokan aritzeagatik zigortuak» izan direla salatu zuten. Haatik, gazte independentista donostiarrak euren konpromisoan berresteaz gain, independentziaren alde «gogo eta amorru handiagoz ekiteko prest» direla nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo