Kanoiaren danbatekoarekin abian da Donostiako Aste Nagusi ofiziala
Donostiako piratek Aste Nagusiari hasiera ostiralean eman bazioten ere, atzo arratsaldean eman zioten hasiera jai egitarau ofizialari. Alderdi Ederren Bruesa saskibaloi taldeko jokalariak arduratu ziren «Artilero dale fuego» doinua kantatzeaz, eta Ilunbe banda musikaz, bestetik, urtero legez, Luis Mokoroak piztu zuen kanoikada botatzeko metxa. Behin hasiera emanda, hirian zehar festarako aukera ugari izango da datorren larunbatera bitarte.
Janire ARRONDO |
Abian da dagoeneko Donostiako Aste Nagusia, atzo arratsaldean eman zioten hasieran ohiko kanoikadarekin. Urtero bezala, Euskal Gastronomiaren elkarteko Luis Mokoroa izan zen, uniformedun soldaduz inguratuta, kanoiaren metxa pizteaz arduratu zena, «Artilero dale fuego» doinuaz berriz, aurtengoan, ACBko maila gorenera igo den, Bruesa Gipuzkoa Basket Club taldeko jokalariak arduratu ziren. Bestetik, Donostiako alkate Odon Elorzak, beste zinegotziekin batera, udaletxeko balkoitik jarraitu zuten Aste Nagusiko hasiera ekitaldia. Alkateak adierazi zuenez «beharrezkoa da Donostia bezalako hiri batean, aste beteko atseden eta dibertsioa».
Atzo hasi eta, datorren larunbatera arte luzatuko dira jaiak, eta gustu guztietako ekitaldiak egongo dira gerturatzen direnentzat. Lehen eguna, ondoren datozen kontzertu, ikastaro, haurren jolas eta asteleheneko piraten abordaiarako beroketa baino ez zen izango.
Jendez gainezka
Eguzkiak bete betean ematen bazuen ere, arratsaldeko 18.30ak ingururako jende ugari zegoen Alderdi Ederren Aste Nagusia hasteko zain. Kanoiaren burrunbada entzuteko zazpiak arteko itxaronaldia samurtzeko, Banda del Surdo perkusio, txalaparta eta hankapaloen talde kataluniarraren «Con ritmo al cañonazo!» ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zen. Segituan jarri zen jendea Gironako taldearekin perkusioen erritmora dantzan. Gainera, serpentina txuri urdinak jaurti zituzten eszenatokitik eta, erraz hartu zuen Alderdi Ederrek jai itsura. Ordua gerturatzen zioan eran, Alderdi Eder eta ingurua jendez gainezka zegoen. Gainera, Alde Zaharreko kaleetan zehar kalejiran ibili ziren erraldoi eta buruhandiek ere, giro alaiean, haur zein heldu ugari eraman zituzten beraiekin udaletxe aurrera.
Ilunbe musika banda «Artillero dale fuego» jotzen hasi zenean, segituan ekin zion jendeak kantuari. Taula gainean berriz, Bruesa Gipuzkoa Basket Club taldeko lehendakari, entrenatzaile eta jokalariak aritu ziren abesten. Kantuari eta ekitaldiari umore puntua jartzen aritu zen, Gipu, saskibaloi taldeko maskota. Zazpiak puntuan, metxa piztu, eta iritsi zen kanoikadaren danbatekoa. Jendeak kantuan jarraitu zuen musika bandarekin batera, baina, gehienak, berehala mugitu ziren Boulevard eta Alde Zahar ingurura.
Orokorrean giro lasaia izan zen jaien hasiera iragartzen duen kanoikadan. Jende gutxi animatu baitzen txanpan botilak ireki, eta kanoikadarekin batera batera saltoka aritzeko.
Egiten zuen eguraldiarekin, hondartzatik zuzenean, bainujantzia kendu ere egin gabe, gerturatu zen jende asko Udaletxe ingurura. Donostiara iritsi berriak izango ziren kanpotar ugari ere ikus zitekeen, oraindik beren motxilak bizkarrean zituz- tela. Edonola ere, haur, gazte zein heldu, aste betez luzatuko diren jaiak asteko gogo bizia- rekin elkartu ziren Udaletxe aurrean.
Bestetik, atzo gauean izan zen 45. Su Artifizialen Lehiaketaren lehen saioa. Hori dela eta, asko eta asko gerturatu ziren lehiaketaren inguruko informazioa ematen zuten gunera, ondoren puntuaketak egiteko beharrezko diren txartelak hartzeko asmoarekin.
Izan zen ordea, hondartzan geratzea erabaki zuenik ere; agian, bertan, ohi baino jende gutxiago zegoela aprobetxatuz. Erdigunetik urrunago ere, nahikoa jende zegoen tabernetako terraza edo lorategietako eserlekuetan, patxada ederrean.
Zapi txuri-urdina
Iluntzeko 18.00ak inguruan hasi ziren Donostiako jaietarako Udalak atera berri duen zapia banatzen Boulevard inguruan eta Alde Zaharrean. Alderdi Ederren ordea, zaila izan zen zapia eskuratzea segituan amaitu baitira banatzeko zituzten 10.000 zapiak.
Uztailaren amaieran aurkeztu zuen jaietarako zapia jendaurrean Donostiako alkate Odon Elorzak, Ramon Etxezarreta kultura arduradunarekin batera. 64 parte hartzaile bildu zituen Udalak antolatutako lehiaketak, eta beren hitzetan «Donostiako jaiekin erraz identifikatzen zelako» irabazi zuen zapi zuri-urdinak.
Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek Sagueseko kontzertuez gozatu ahal izateko, beraientzat prestatutako leku zabala izango dute. Donostiako Udalak prentsa ohar baten bidez adierazi zuenez, «ekimen horri esker mugikortasun arazoak dituztenek ere, gaueko 23.30etatik aurrera egiten diren ikuskizunetan egon ahal izango dute».
Udalak espazio hori erabili nahi dutenek aurrez erreserba egiteko gomendioa luzatu du. Kontzertuak baino lehentxeago sartu ahal izango da leku horretara, baina, Udalak dioenez «ez dira leku hobeak gordeko, lehenago deitu dutenentzako».
Aurtengo Aste Nagusian Sagueseko taula gainean, atzo gauean izan ziren M-Clan eta hurrengo egunetan La Casa Azul, Pignoise, Mago de Oz, Ken Zazpi, Los Secretos eta Conchita ariko dira.
Presoen aldeko topa
Donostiako Aste Nagusiaren hasiera honetan, ia urteko legez, Alde Zaharreko Sarriegi plazan bildu ziren presoen alde topa egiteko.
Hala ere, jaiak aurrera egiten duen bitartean, izango dira hiriko preso eta iheslariak oroituko dituzten ekitaldi gehiago ere.
Kanoikada eman arteko itxaronaldia samurtzeko, Banda del Surdo talde kataluniarrarekin «Con ritmo al cañonazo!» ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute Alder Ederren bildu direnek.
Soin mugikortasun murriztua duten pertsonentzat leku eremu zabala gordeko dute Sagueseko kontzertuez gozatu ahal izateko. Udalak aurrez erreserbak egiteko gomendatu du.