Zigor berriak indarrean jartzekotan, EB galtzen aterako dela adierazi du Iranek
Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Iranen aurkako neurri berriak eztabaidatu zituen asteazkenean. Ostiralean, Europako Batasunak beste urrats bat eman zuen zigor gehiago onartuta. Iranek argi utzi du horiek indarrean jartzekotan, Europa galtzen aterako dela.
GARA |
Europako Batasunak Iranen aurka iragarri dituen zigor berrien aurrean, irandar agintariek ez dutela bere helburua lortuko eta, gerora, Europa galtzen aterako dela ohartarazi zuten atzo.
Legebiltzarreko Segurtasun Nazionaleko Batzordeko presidente Ala Al Din Boruyerderen aburuz, «presaka» hartutako ekimena da Bruselasena. «Zigorrak indarrean jartzen badituzte, galtzen aterako dena Europa izango da», nabarmendu zuen.
«Ildo horretan Europako Batasunak edozein pauso ematen badu, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrekin eta Alemaniarekin ditugun negoziazioak zaildu besterik ez ditu egingo. Zigor gehiago ezartzea presaka egindako ekintza da, baita onartezina ere. Era berean, bi aldeen artean eraikitzen ari ditugun harreman positiboengan ezezko ondorioak izango ditu», berretsi zuen.
«Iran eta Europako Batasunaren arteko merkataritza trukeak anitzak dira. Bahitzeak gauzatzen badira, Europak pairatuko ditu kalteak eta galera ekonomikoak», adierazi zuen.
Hori esanda, Bruselasek iragarritakoa ez betetzea espero duela gaineratu zuen.
Iranekin harremanak dituzten Europako enpresei laguntza publikoa murriztuko die EBek. Aldi berean, finantza taldeek banketxe irandarrekin dituzten hartu emanak goitik behera begiratuko dituzte. Lehendik ere, banketxe irandarrek debekatuta zuten Europako Batasunean jarduera ekonomikoa izatea. Horri lotuta, uranioa aberasteko programarekin zerikusia duten pertsonek ezin dute inolaz ere Europako Batasunean sartu.
Hemendik aurrera, Iranera doazen hegazkinei nahiz itsasontziei ere kontrol zorrotzagoak egingo dizkiete, batik bat, Air Cargo eta Islamic Republic of Iran Shipping Line hegazkin konpaniei Iranen kontrabandoko produktorik sar ez dezaten.
Asteazkenean, «5+1 taldeak» Teheranek «erantzun argirik» ez duela eman plazaratu zuen. Errusiak, dena den, negoziazioaren alde egin eta «ate guztiak zabaldu» behar direla helarazi zuen. Akordiorik lortu zutenik ere ukatu egin zuen.
Bestetik, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin (OEAI) aste honetan Teheranen bertan izaniko elkarrizketak positiboak eta «eraikitzaileak» izan direla esan zuen Mohamad Saidik, OEAIren nazioarteko aholkulariak. Ez zuen xehetasun gehiagorik eman baina, elkar ulertu zutela adierazi zuen.
Iraneko presidente Mahomoud Ahmadinejadek hamaika aldiz esan du Iranek energia nuklearra garatzeko eskubidea duela. Atzera ez dutela egingo nabarmendu du.