GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Ama Zuria Txapelketa

Bosgarrena jarraian lortu dute Titinek eta Pascualek

Maila handiko finalean errioxarrak eta nafarrak tanto bakar batengatik garaitu zituzten Xala eta Lasa III.a

p039_f02_222x222.jpg

TITN III-PASCUAL 22

XALA-LASA III 21

Ander GARTZIA | BILBO

Ama Zuria Txapelketako finalak izar nagusi bat izan zuen: Titin III.ak eta Pascualek osatutako bikotea. Atzo lortutako garaipenarekin errioxarrak eta nafarrak bosgarren titulua irabazi dute jarraian. Dudarik gabe, egundoko balentria, titular guztien jabe egiteko adinakoa. Hala ere, Ogetako sabaian ez zen izar dirdiratsu bakarra izan, lau baizik. Bi bikoteek egundoko norgehiagoka burutu zuten; erritmo bizikoa, emozioz beterikoa eta tanto bikainez jantzia. Biek ala biek merezi izan zuten garaipena baina azken unera arte zoragarri aritu zen Xalaren pilotakada batek erabaki zuen Txapelketa. Ogetako txapak hotsa atera zuen eta Titin eta Pascualek jaso zituzten besoak (22-21).

Finala, hasiera hasieratik, bizia bezain ederra izan zen eta aurreko koadroetako lehian Lekuineko aurrelariak beldurtuta utzi zuen errioxarra. Lapurtarrak hiru tanto zoragarri lortu zituen markagailua estreinatu orduko, airez txokoan utzitako bi boleekin eta zabalera bortizki moztutako pilotarekin (2-3). Xala ideiak garbi zituela atera zen Ogetako kantxara, finaleko protagonista nagusia izan nahi zuen eta bazekien bere aukera nagusiak behin Titin kontrolatuta izanda iritsiko zirela. Lekuindarrak ez zuen une bakar batean ere burua ezkutatu eta aurkariaren taktika berdinarekin ekin zion Gasteizko finalari: airea eta bizitasuna.

Triciokoa, ordea, ofizio handiko pilotaria da eta lekua bilatzen asko kostatu zitzaion arren, pilota gutxi oparitu zituen eta aukerakoak izan zituenak, ohi bezala, maisuki gauzatu zituen. Bai Titin eta bai Pascual partidua eustera atera ziren eta Lekuineko aurrelariari egokitu zitzaion tantorik gehienak arriskatzea. Horrela, markagailua lapurtarraren trebeziaren arabera mugituz joan zen, hirunako, launako eta zazpinako berdinketekin.

Lasa nagusi atzean

Gutxik espero bezala, Pascualek ezin izan zuen koadro luzeetan bere nagusitasuna erakutsi eta partiduko hainbat momentutan Lasa III.a jaun eta jabe izan zen. Xalak bizkartzain ezin hobea izan zuen atzoko partidan eta Etxarri-Aranatzeko atzelariaren zartakoei esker, makina bat aukerako pilota izan zituen frontisaren aho zuloan. Lekuinekoak partida borobila osatu zuen, era guztietako kintzeak finituta, baina berak egindako hutsegiteek bizirik mantendu zuten markagailuan bikote gorria. Eta Titinen aurrean barkatuz gero, porrota jaso ohi da. Errioxarrak ez zuen berak nahi adina pilotaz gozatu, eta markagailuan atzetik zirela ikusita, airez sartzeari ekin zion behin eta berriz. Lan erdietatik aurrera, Xala eta Titinen tantoek bikote bat edo bestea jartzen zuen markagailuan aurretik eta horrela iritsi ziren azken berdinketara arte. Hondarreko tantoa ere, finala bezala, ederra izan zen. Titinek aukera garbiak izan zituen partidari amaiera emateko baina Xalak, era guztietako pilotak jaso eta gero, txapara bota zuen.

Partidaren ostean oso pozik azaldu zen Txapelketako pilotaririk onenaren saria jaso berri zuen Titin III.a: «Gustura nago lortutako garaipenarekin. Ogetako frontoia gogorra izan arren, ederki aritzen gara Iñigo eta biok eta gaur berriz hemen irabaztea pozgarria da. Hala ere, garrantzitsuena ez dira tituluak, baizik eta txapelketarik garrantzitsuenetan pilotaririk onenekin lehian aritzea».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo